Mundua -
Ukrainako gerra
Errusiaren eta Ukrainaren arteko bigarren negoziazio bilera Bielorrusian egiten ari dira
BELTA albiste agentziak irudia zabaldu du, bi ordezkaritzak bostekoa ematen eta atzean Errusia, Ukraina eta Bielorrusiako banderak dituztela. Errusiako aldeak aurreikusitakoa baino hiru ordu beranduago hasi dira negoziazioak.
Agentziak | EITB Media
Errusia eta Ukraina Belovezhskaya Pushchan, Bielorrusiako Brest eskualdean, negoziatzen ari dira, Poloniako mugatik gertu, BELTA Bielorrusiako albiste agentziak jakitera eman duenez.
Agentzia publikoak irudia zabaldu du, bi ordezkaritzak bostekoa ematen eta atzean Errusia, Ukraina eta Bielorrusiako banderak dituztela.
Myjalio Podoliakek, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen bulegoko aholkulariak, azaldu duenez, ordezkaritza Errusiako ordezkariekin negoziatzen hasi da. "Errusiako ordezkariekin hitz egiten hasi gara. Agendan gai garrantzitsuak: 1. Berehalako su-etena; 2. Tregoa; 3. Suntsitutako edo etengabe bonbardatutako herri eta hirietatik zibilak ebakuatzeko korridore humanitarioak", idatzi du Podoliakek Twitter sare sozialean.
Errusiako aldeak aurreikusitakoa baino hiru ordu beranduago hasi dira negoziazioak.
Moskuk Ukrainaren "desmilitarizazioa eta desnazifikazioa" eskatzen ditu, baita Krimeako penintsularen subiranotasuna, 2014an anexionatu ostean, zein ekialdeko herri errepubliken independentzia aitortzea ere. Era berean, NATOrekiko Ukrainaren estatus neutrala aldarrikatzen du Errusiak.
Bigarren bilera atzo izan behar zen, baina Ukrainako ordezkaritza ezin izan zen iritsi.
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak nabarmendu du ez duela "zalantzarik" gatazkari amaiera emateko "konponbidea" aurkituko dutela. "Noski, aurkituko dugu irtenbide bat, ez dut zalantzarik. Baldintzak, gutxienekoak guretzat, oso ezagunak dira. Eztabaidatuko dira, baita ukrainarrekin negoziazioetan ere. Gomelen pasatu zen eta gaur pasako da", adierazi du.
Aurreneko batzarra astelehenean egin zuten, aparteko emaitzarik lortu gabe, baina datozen egunetan berriz bildu behar zirela iragarri zuten aldeek.
Bestalde, gerra amaitzearen alde lan egiteko Pekinen borondatea agertu zion atzo Wang Yi Txinako Atzerri ministroak Dmytro Kuleba Ukrainako homologoari.
"Ukrainako subiranotasunaren eta lurralde osotasunaren alde Txinaren babes apurtezina", berretsi zuen Wangek, Ukrainako Atzerri Ministerioaren esanetan, eta bi ministroek gatazkaren ondorioen inguruan hitz egin zutela erantsi zuen.