Mundua -

Gerra Ukrainan

"Ukrainar herriarekin dagoela" erakusteko eskatu dio Zelenskik EBri

"Zuek gabe, Ukraina bakarrik dago. Indarra erakutsi dugu, argi geratu da zuen berdinak garela. Erakutsi zuek ere gurekin zaudetela, ez gaituzuela bakarrik utziko", esan du Zelenskik Europako Parlamentuaren aurrean.

Zelenskik bideokonferentziaz hitz egin du Europako Parlamentuan
Zelenskik bideokonferentziaz hitz egin du Europako Parlamentuan
Ukrainiako presidenteak dikurtso hunkigarria egin du Europar Batasuneko goi agintarien aurrean

1:20

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Europako Parlamentuan esan du ukrainarrek erakutsi dutela Europako gainerako herritarren berdinak direla, eta babesa eskatu die erakundeei. Hain zuzen ere, "ukrainar herriarekin daudela" adierazteko eskatu die, "balore batzuengatik" bizitza ematen ari direlako.

"Zuek gabe Ukraina bakarrik dago. Indarra erakutsi dugu, argi geratu da zuen berdinak garela. Erakutsi zuek ere gurekin zaudetela, ez gaituzuela bakarrik utziko", adierazi du Europako Parlamentuaren aurrean, bideodei bidez egindako agerraldian.

Txalo artean hartu du Parlamentuak Zelenski, Ukrainako banderaren koloreak (horia eta urdina) nonahi zirela. Parlamentuan bertan izan da, gainera, Ukrainak Europar Batasunean duen enbaxadorea, baita ukrainar talde bat ere.

"Ukrainaren aukera europarra gure aukera ere bada, hori baita gure norabidea. Haiengandik entzun nahi dut Ukraina Europarako bidean dagoela", azpimarratu du Zelenskik. Bestalde, gogora ekarri du europarrek duten askatasunagatik ari direla borrokatzen.

Presidentea pozik azaldu da, Ukrainaren etorkizunari begira, EBko herrialde guztiak "elkartuta" daudelako, nahiz eta atsekabez esan duen gogor ordaindu duten zerbait dela, "milaka pertsona hil direlako, bi iraultza eta gerra bat izan dituztelako eta Errusiaren inbasioa jasan dutelako".

"Gure bizitza ematen ari gara zuek duzuen askatasuna izan dezagun. Gure herritar indartsuenak bidegurutzean jarri ditugu. Ukrainarrak harro egon behar gara. Hitz egin ez ezik, ikusi ere egin duzue gaur gure harrotasuna", nabarmendu du Zelenskik.

Agerraldian, Errusiako presidente Vladimir Putinen aurka ere egin du "operazio militar bati buruz ari delako hitz egiten, haurrak hiltzen dauden bitartean". Horrekin lotuta, Jarkoven izandako misil erasoetan hildako 16 adingabeen hilketa ekarri du gogora.

"Gure herrialdean unibertsitate gehien dituen hiria da, han gazteak oso argiak dira. Gaur goizean, baina, misilek Askatasunaren Plazari egin diote eraso. Dozenaka lagun hil dira. Hori da gure herriaren askatasunagatik ordaintzen ari garena", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Zelenski albisteak Europarlamentuari buruzko azken albisteak