Mundua -

Ukrainako gerra

Errusiak erasotzen jarraitzen du, negoziazioa hasi arren

Errusiak dio Berdiansk eta Enerhodar hirien kontrola hartu duela, baita azken horretan dagoen Zaporizhiako zentralarena ere. Ukrainako Indar Armatuen arabera, ordea, albiste "faltsua" da hori, eta tropa errusiarrak "desmoralizatuta eta akituta" daude.

Tanke errusiar bat. EFE
Tanke errusiar bat. EFE
Kharkiv hirian izan dira eraso bortitzenak azken orduotan, baita ekialdeko Donbass eskualdean ere

1:31

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako agintariek Zaporizhiako zentral nuklearraren kontrola hartu dutela ziurtatu dute astelehen honetan, Ukrainaren aurka abiatutako erasoaldiaren baitan Txernobylgo instalazioak kontrolpean hartu eta egun batzuetara.

"Errusiako Indar Armatuek Zaporizhiako zentral nuklearraren eremua babespean eta kontrolpean dute erabat", nabarmendu du Igor Konaxenkov Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak prentsaren aurrean.

Era berean, zentraleko langileek normaltasunez lan egiten jarraitzen dutela adierazi du, eta indar errusiarrek Enerhodar eta Berdiansk hiriak hartu dituztela gaineratu du.

Lehentxeago, Berdianskeko agintariek baieztatu zuten tropa errusiarrek hiriaren kontrola hartu dutela; herrialdearen hego-ekialdean dago hiri hori, Krimeako penintsularen eta Donetsk eta Luhanskeko errepubliken artean.

Hala ere, Energoatom enpresa elektriko ukrainarrak komunikatu bat argitaratu du berehala Moskuren adierazpenak gezurtatzeko, eta zentral nuklearra kontrolpean hartu izana albiste "faltsua" dela esan du, UNIAN albiste-agentzia ukrainarrak jaso duenez.

"Ez jaramonik egin faltsutasunari. Zaporizhiako zentral nuklearra Ukrainaren kontrolpean dago eta lanean ari da, herrialdeari elektrizitatea emanez", jakinarazi du konpainiak ohar labur baten bidez.

Era berean, Ukrainako Indar Armatuek adierazi dute tropa errusiarrek porrot egin dutela orain arte Kiev hiriburua hartzeko ahaleginean. "Etsaia baja kopuru nabarmena izaten ari da. Tropa errusiarrak akituta eta nekatuta daude", adierazi du Oleksandr Syrski koronel jeneral eta Ukrainako Indar Armatuen Lurreko Indarren komandanteak. 

Ukrainako agintariek igandean ohartarazi zutenez, Errusiako Armadaren ibilgailu blindatuen konboi handi bat Ukrainako hiribururantz, Kieverantz, zihoan, hegoaldetik.

Hala adierazi zion Vadim Denisenko Ukrainako Barne Ministerioko aholkulariak Strana albiste-atariari. "Badakigu norantz doazen, eta prest gaude", gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra