Mundua -

GERRA UKRAINAN

Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian salatu du Ukrainak Errusia

"Errusiari jarduera militarra bertan behera uzteko premiazko agindua eman diezaiola eskatzen dugu, eta prozedura datorren astean hastea espero dugu" adierazi du Volodimir Zelenski presidenteak.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudian.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudian.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudian.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak iragarri duenez, Errusiaren aurkako salaketa jarri dute Nazioarteko Justizia Auzitegian, inbasioa berehala bertan behera uzteko agindu bat lortu asmoz. "Ukrainak Errusiaren aurkako salaketa aurkeztu du NJAn. Errusiak azalpenak eman behar ditu genozidioaren kontzeptua manipulatzeagatik, erasoa justifikatzeko" adierazi du presidenteak Twitter bidez.

"Errusiari jarduera militarra bertan behera uzteko aginduko dion premiazko erabaki bat eskatzen dugu, eta prozedura hori datorren astean hastea espero dugu", gaineratu du.

Hagan egoitza duen gortera jo izan dute azken urteotan Errusiak eta Ukrainak Ukrainako Armadak Donetskeko eta Luhanskeko separatistekin izandako gatazken inguruko auziak direla eta.

Gogoratu behar da Justizia Auzitegi hau dela nazioarteko zuzenbidean oinarrituta, herrialdeen arteko eztabaidak ebazten dituena, baina ez du bere epaiak betearazteko ahalmenik eta hori estatuen borondatearen menpe geratzen da.

Gatazka une gorenean dago oraintxe eta ez dirudi bi aldeen arteko negoziazioa posible izango denik.

Bestalde, Nazio Batuetako Segurtasun Kontseilua berriro bilduko da gaur, batzar orokor baterako deialdia bozkatzeko. Ostiralean Errusiak inbasioa gaitzesteko Nazio Batuen proposamena errefusatu ondoren egingo da bilera. Kasu honetan Errusiak ezingo du eskaera hori blokeatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Salaketak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski