Mundua -
Gerra Ukrainan
EBk eta AEBk SWIFTetik aterako dituzte Errusiako Banku batzuk, eta Banku Zentraleko aktiboak geldiarazi
Errusiako banketxeei nazioartean operazioak egitea galarazteko neurri bat da, beste isun ekonomiko bat.
agentziak | eitb media
Joe Biden AEBko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri dute SWIFT finantza mekanismotik aterako dituztela Errusiako bankuak eta Errusiako Banku Zentraleko nazioarteko aktiboak geldiaraziko dituztela, Ukrainaren aurka Kremlinek abiatu duen erasoaldiaren aurkako isun ekonomiko gisa.
Errusiak ukrainarren aurka egindako "ekintza beldurgarriak" salatu dituzte, eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerraren, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen, Mario Draghi Italiako lehen ministroaren, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroaren eta Boris Johnson Britainia Handiko lehen ministroaren oniritzia jaso dute.
"Hautatutako banku batzuk" SWIFTetik ateratzeaz gain, neurriak hartuko dituzte "Errusiako Banku Zentralaren nazioarteko erreserben aurka", "oligarka errusiarrei" ez diete mendebaldeko merkatuetan operazioak egiten utziko, eta blokeatu egingo dituzte "urrezko pasaporteak" deiturikoak, nazioartean egindako inbertsioen arabera ematen diren herritartasun agiriak, hain zuzen.
Erlazionatutako albistea: Zer da Swift sistema eta zergatik Errusia bertatik kanporatzea "finantzen bonba nuklearra" izango litzateke?