Mundua -
gerra ukrainan
Milaka europar atera dira kalera larunbat honetan, Ukrainako gerra etetea eskatzeko
Europako beste hiriburu askoren artean, Iruñean ere ehundaka lagunek gaitzetsi dute Errusiaren inbasio militarra. Igande honetan Bilbon espero da protesta handi bat.
agentziak | eitb media
Milaka pertsona atera dira larunbat honetan Europako hiriburu ugaritan, Errusiari eskatzeko Ukrainaren inbasioa eten dezala, Putinek agindutako operazioaren aurka agertu diren errusiarren ekimenari jarraiki.
Helsinki, Frankfurt edo Brusela bezalako hiriak bakearen aldeko keinu horien agertoki bilakatu dira. Errusiar aktibistek, bestalde, sinadurak bildu dituzte internet bidez, euren herrialdean elkarretaratzeak egiteko debekuaren aurka. Unera arte, 3.000 pertsona inguru atxilotu dituzte Errusiako protestetan.
Europako manifestazioak Bulgarian hasi dira. Bertan, ukrainar bandera zeramaten 200 pertsona inguru bildu dira Sofia hiriburuko erdigunean dagoen bulego presidentzialaren parean, inbasioaren aurka egiteko. Antzeko ekitaldiak izan dira Varna eta Burgas Itsaso Beltzeko hirietan.
Alemanian, milaka pertsonak egin dute protesta Frankfurten. Bandera urdin eta horiak eraman dituzte askok, Ekialdeko Europako herrialdeari elkartasuna adierazteko.
Manifestazio azpimarragarrienetako bat izan da Finlandiako hiriburukoa. Helsinkin, 10.000 pertsona inguruk eskatu diote Errusiari operazioa eteteko.
Gainera, Belgikan, 3.000 pertsona inguru elkartu dira Errusiako Federazioak Europar Batasunaren (EB) aurrean Bruselan duen egoitzan, Ukrainari babesa erakusteko.
Halaber, protesta jendetsuak izan dira Munich, Stuttgart, Leipzig eta Dusseldorf hirietan. Igande honetan, berriz, Berlinen azaldu ahal izango dute alemaniarrek gatazkarekiko desadostasuna.
Manifestazioak Hego Euskal Herrian
Iruñean ere, ehundaka lagunek egin diote uko Errusiaren inbasio militarrari. Era berean, elkartasuna eskatu dute herrialdearekin eta bertakoekin, eta Gaztelu Plaza bete dute, errusiar presidentearen aurkako oihu artean.
Nafarroan dauden ukrainarren eta bertan senideak dituzten familien elkarteek deitu dute ekitaldia. Tartean daude udan eta gabonetan Txernobil inguruko haurrak harreran hartzen dituzten familiak. Polizia Nazionalaren arabera, 600 pertsona inguru bertaratu dira deialdira.
Bestalde, EAEko hiriburuetan ere, Ukrainari babesa erakusteko manifestazioak egingo dituzte igande honetan.