Mundua -

Gerra Ukrainan

Errusiako banku handien eta oligarken kontrako isunak iragarri ditu Bidenek

Horrez gain, Joe Bidenek baieztatu du Estatu Batuek militar gehiago bidaliko dituela Ukrainara eta "NATOren lurraldearen zentimetro guztiak" defendatuko dituela.

Joe Biden AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Joe Biden AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Joe Biden AEBko presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Errusiaren kontrako zigor "gogorragoak" iragarri ditu eta, besteak beste, herrialde horretako banku handiei eta Kremlinen inguruko oligarkei isunak ezarriko dizkietela aurreratu du.

"Horrek esan nahi du Estatu Batuetan dauzkaten aktiboak izoztuta geratuko direla. Errusiak finantzatzeko duen ahalmena murriztuko dugu", azpimarratu du.

Errusiako tropak Ukrainan indarrez sartu ostean, Biden mendebaldeko herrialde aliatuetako buruzagiekin harremanetan izan da, baita Volodimir Zelenski presidente ukrainarrarekin ere, eta horren ondotik agerraldia egin du Etxe Zurian.

Altxorraren Departamentuak zehaztu duenez, VTB, Sberbank, Otkritie eta Sovcombank dira isunak jasoko dituzten banku errusiarrak.  

Halaber, goi-mailako teknologia Errusiara esportatzeari utziko diote eta Vladimir Putinen inguruko elite oligarkikoari isunak ezarriko dizkiete, tartean dira Alexander Vedyakhin Sberbank bankuko zuzendariaren ondokoa eta Andrey Puchkov eta Yuriy Soloviev VTB bankuko goi-karguak.

"Putinek erabaki du gerra hastea eta Errusiak sufrituko ditu ondorioak"

Bestalde, Bidenek adierazi du Putinen benetako asmoa "Sobiet Batasuna berrantolatzea" eta "anbizio hori munduaren kontra" doala erantsi du.  

"Putin da erasotzailea, Putinek erabaki du gerra hastea eta orain berak eta bere herrialdeak sufrituko dituzte ondorioak", ohartarazi du.

Horrez gain, Errusiak "nazioarteko zuzenbidea urratu" duela esan du eta horren aurrean erantzutea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Ildo horretan, Ameriketako Estatu Batuak, Europar Batasuna eta NATO bat eginda daudela iradoki du.

Eremu militarrari dagokionez, Estatu Batuek Ukrainara tropa gehiago bidaliko dituela eta "NATOren lurraldearen zentimetro guztiak" defendatuko dituela agindu ud.

Hala ere, "gure tropek ez dute borrokarik egingo Ukrainan; gure aliatuak babestera doaz", zehaztu du.

Ondoren, Pentagonoak zehaztu du 7.000 soldadu estatubatuar bidaliko dituztela Alemaniara, NATO indartzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia Eguneko albisteak Albisteak Isunak Euskadin Joe Biden azken albisteak Errusia-Ukraina gerra