Mundua -

Dokumentazioa

Zer jazo da Donbassen? Hau da gertakarien kronologia

Errusiaren eta Ukrainaren arteko tentsioak gora egiten jarraitzen du. Putinek Donetsk eta Luhanskeko errepubliken independentzia onartu du, eta Errusiako tropei eskualde horietan sartzeko agindua eman die, "bakea mantentzeko". 2014tik daramatzate gatazkaz gatazka: hauek dira gertakari nagusiak.

Errusiar armadako tanke bat. EITB Mediaren bideo batetik lortutako irudia.
Errusiar armadako tanke bat.
Errusiar armadako tanke bat. EITB Mediaren bideo batetik lortutako irudia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Donetsk eta Luhanskeko errepublika separatisten independentzia onartu du, eta Errusiako tropei probintzia horietan sartzeko agindua eman die, "bakea mantentzeko" helburuarekin. 2014ko apirilera egin behar da atzera Errusiaren eta Ukrainaren arteko talkaren zergatiak azaltzeko. Zortzi urte iraun du tentsioak, eta 14.000 hildako baino gehiago eragin ditu bi aldeetan, NBEren arabera. Hauek dira gatazkaren data gakoak.

2014. Martxoaren 20an, Dumak, Errusiako Parlamentuko Behe Ganberak, Krimeako penintsula bereganatzea onartu zuen, haren estatus politikoari buruzko erreferenduma egin ostean. Krimeako krisiarekin batera, apirilean errusiazaleek administrazioaren egoitzak hartu zituzten Ukraina ekialdeko hainbat hiritan: Donetsk, Kharkiv, Luhansk, Slaviansk eta Gorlovka hirietan, besteak beste.

Maiatzaren 12an, Donetsk eta Luhansk eskualdeek independentzia aldarrikatu eta Errusian sartzeko eskatu zuten. Gatazkaren amaiera sendotzeko asmoz, Errusiak, Ukrainak eta Donetsk eta Luhanskeko herri errepublikek Minskeko Protokoloa sinatu zuten irailaren 5ean, eta su-etena ezarri zuten berehala. Hala ere, itunaren asmo bakezaleak behin eta berriz urratu zituzten hurrengo hilabeteetan.

2015. Otsailaren 12an, Minsk II akordioaren bidez, Donbasseko gerra arintzen saiatu ziren bi aldeak. Akordio horrek "berehalako eta erabateko" su-etena ezarri zuen, baina negoziazio horiek ere huts egin zuten eta su-etena urratu zuten berriro Errusiak eta Ukrainak. Hilabete batzuk geroago, urrian, Errusia, Ukraina, Frantzia eta Alemaniako estatuburuak Parisen bildu ziren bi bandoen armamentua erretiratzeko.

2018. Denis Pushilin (Donetsk) eta Leonid Pásechik (Luhansk) errusiazaleek irabazi zituzten hauteskundeak. Ukrainak, baina, legez kanpokotzat jo zituen hauteskunde horiek.

2019. Apirilaren 21ean, Volodímir Zelenskik Poroxenko garaitu zuen Ukrainako Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Urte amaieran, Errusiak eta Ukrainak Donbassen bakea lortzeko negoziazioei berrekingo zieten; Putinek eta Zelenskik egutegi bat adostu zuten horretarako.

2021. Apirilean, Kievek eta Moskuk elkarri leporatu zioten mugan tropak mobilizatu izana, balizko erasoaldi baterako prest izateko. Abuztuan, 46 estatuk eta erakundek, tartean NATOk, Krimeako Plataforma sinatu zuten Kieven, eta Mendebaldeak Ukrainako penintsula itzultzeko eskatu zion Errusiari. Tentsioa berpiztu zen Ukrainak drone batekin Errusiako herri bat bonbardatu zuenean. Putinek 100.000 soldadu bidali zituen mugara.

2022. Urtarrilean, Errusiak tropak bidali zituen Bielorrusiara, Ukrainako mugatik gertu maniobra bateratuak egiteko. Aurreko astean, Errusiak iragarri zuen tropa batzuk erretiratuko zituela Ukrainako mugatik gertu. Era berean, Dumak errepublika separatistak aitortzeko eskatu zuen. Astebete geroago, Putinek Donetsk eta Luhansken independentzia onartu, eta Errusiako tropak eskualde horietan sartzeko agindu zuen "bakea mantentzeko". Bestalde, NBEren Segurtasun Kontseiluko kide europarrek iragarri zuten zigorrak ezarriko dizkiotela Errusiari Donetsk eta Luhansk eskualdeetara tropak bidaltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Europar Batasuna Krimea Ukraina albisteak Errusia bideoak NBE albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa