Mundua -
Ukrainako muga
AEBk eta NATOk erretreta zalantzan jarri dute, eta Errusiak bien azterketarako gaitasuna kritikatu du
"Ez dugu atzera egiterik ikusi", adierazi du Blinkenek. "Lekuan bertan ez dugu deseskalatzerik ikusi", ziurtatu du Stoltenbergek. "Dirudienez, egoera ebaluatzeko nolabaiteko handicapa du NATOren sistemak", erantzun die Peskovek.
Agentziak | EiTB Media
Antony Blinken Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak azaldu duenez, oraingoz ezin dute baieztatu Errusiako tropen atzera-egitea hasi denik Ukrainako mugetan. "Ez dugu erretretarik ikusi", adierazi du.
Besteak beste, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak agertutako mesfidantzarekin bat egin du Blinkenek. Soldaduak, "urruntzen ez", mugara bidean doazela ziurtatu du AEBko diplomaziaren buruzagiak MSNBC telebistan.
Zentzu horretan, "Errusiak esaten duena" eta "Errusiak egiten duena" ezberdintzearen alde agertu da, azken orduetan Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak egin bezala. "Esandakoa egingo balute ona litzateke, baina oraingoz ez dugu ikusi", ohartarazi du Blinkenek.
"Esfortzu diplomatikoekin jarraitzeko Moskuren seinaleak entzun ditugu, baina lekuan bertan oraingoz ez dugu deseskalatzerik ikusi; kontrakoa, Errusiak dispositibo militarra indartzen jarraitzen duela ematen du", esan du Stoltenbergek Bruselan, Defentsa ministro aliatuen bilerara iritsi denean.
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, ostera, berehala erantzun dio, eta Aliantza Atlantikoaren azterketarako gaitasuna kolokan jarri du.
"Dirudienez, egoera ebaluatzeko nolabaiteko handicapa du NATOren sistemak", adierazi du prentsaurrekoan. Peskoven ahotan, "NATOko ordezkariei egoera hotzean aztertzea eragozten dien arazo bat da seguru".
Bestalde, mendebaldeko txostenen arabera, inbasioaren eguna izan behar zena, batasun nazionaleko festa bihurtu du Ukrainak gaur, Kremlineko etsaiaren aurrean abertzaletasun erakustaldia.
"Inork, bakarrik denak batera gure etxea defendatzeko gai izango gara. Ukrainako batasunaren egun zoriontsua! Ekialde, mendebalde, hegoalde eta iparraldea…", esan du Volodimir Zelenskik bideo batean.
Honenbestez, Errusiaren inbasioak itxaron beharko du. AEBk gorriz markatu zuen otsailak 16, baina ukrainarrak lasai daude ekaitz informatiboaren erdian.