Mundua -
Kanada
Kanadako Gobernua murrizketen aurkako "legez kontrako blokeoei" aurre egiten saiatzen ari da
Trudeauk krisi kabinetea deitu du Askatasunaren Konboiak antolatutako protesten eragina gutxitzeko, "merkataritza, lana, ekonomia eta gure komunitateak arriskuan jartzen dituelako".
Agentziak | EITB Media
Kanadako Gobernuak krisi mahaia jarri du martxan herrialde osoan Askatasunaren Konboia egiten ari den protesten "legez kontrako blokeoari" aurre egiteko.
"Justin Trudeau lehen ministroak Gertakariei Erantzuteko Taldea deitu du herrialde osoan izaten ari diren legez aurkako blokeoei aurre egiteko, merkataritza, lana, ekonomia eta gure komunitateak arriskuan jartzen dituztelako", adierazi du komunikatu batean.
Toronto (Kanada) eta Michigan (Estatu Batuak) lotzen dituen Ambassador zubia, eta portuen sarbideak, irekitzen saiatzen ari dira agintariak. Gobernuarentzat "berebiziko garrantzia duten merkataritza bideak dira, eta legez kontrako blokeoak benetako kaltea eragiten ari dira gure lanbideetan eta gure ekonomietan, mugaren bi aldeetan", horien hitzetan.
Kanadaren eta AEBren artean gehienbat errepidez mugitzen dira merkantziak, eta hornidura-bide nagusiak arriskuan daude.
Txertoen aurkako mugimenduaren eta murrizketen kontra dauden pertsonen protestek eta blokeoek bi aste itxi dituzte komunikabideak, batez ere Ottawan, eta, hori dela eta, manifestarien, bizilagunen eta agintarien arteko tentsioa gero eta handiagoa da.
Ameriketako Estatu Batuetan, Etxe Zuriak ordena berrezartzeko eskatu du, eta laguntza eskaini dio Kanadako Gobernuari.
Konboirik ez Europan
Europako zenbait hiritan, osasun murrizketen kontrako Askatasunaren Konboiak ez du baimenik lortu protesta egiteko. Annelies Verlinden Belgikako Barne ministroak eta Bruselako agintariek iragarri dutenez, otsailaren 14rako iragarritako blokeoa ekiditen saiatuko dira.
Ganten ere, bide beretik jo dute, eta Belgikako hiri horretan ez ezik, Parisen eta Vienan ere debekatu dituzte martxak aste honetan.