Mundua -

UKRAINA

Errusiak eta Bielorrusiak maniobra militar bateratuak abiatu dituzte

Ariketak Bielorrusian egingo dira otsailaren 20ra bitartean, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez.

Errusiako ibilgailu militarak, ilaran. Artxiboko argazkia: EFE
Errusiako ibilgailu militarak, ilaran
Errusiako ibilgailu militarak, ilaran. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako eta Bielorrusiako armadak maniobra militarrak abiatu dituzte, elkarrekin, Bielorrusian. Ariketak azken lurralde horretan egingo dira otsailaren 20ra bitartean, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiaren arabera, Gerra Hotzaz geroztik Bielorrusian izandako hedatze militar handiena da eta horrek kezka eragin du Ukrainan eta, oro har, Mendebaldean. Izan ere, Ukraina inbaditzeko prestatzen ari dela leporatzen diote Errusiari. 

Sputnik albiste agentzia errusiarrak zabaldutako informazioaren arabera, "kanpoko eraso bati defentsa operazio batekin aurre egiteko, terrorismoari aurre egiteko eta Batasuneko Estatuaren interesak defendatzeko" balioko dute ariketa horiek.

Errusiako Gobernuak Bielorrusiako maniobra militarren tamaina defendatu zuen atzo, bi herrialdeak "aurrekaririk gabeko mehatxupean" daudelakoan. "Hauek ez dira Bielorrusiarekin batera egiten diren lehen maniobrak. Aldian-aldian egiten dira. Bai, magnitudea lehen baino handiagoa izan daiteke, baina egungo egoera ere askoz estuagoa da ", esan zuen Errusiako Presidentetzako bozeramaile den Dmitri Peskovek.

Errusiak ziurtatu du bere unitateak behin betiko kokalekuetara itzuliko direla operazioak amaitutakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Europar Batasuna Ukraina Errusia albisteak Vladímir Putin Albisteak Gaur Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa