Mundua -
Sexu abusuak elizan
Benedikto XVI.ak barkamena eskatu du sexu-abusuengatik, baina ukatu egin du estali izana
Duela gutxi publiko egin zen ikerketa baten arabera, Benedikto XVI.a aita santu emerituak Alemaniako Eliza katolikoaren baitan gazteei eta adin txikikoei egindako sexu-gehiegikerien berri izan zuen.
AGENTZIAK | eitb media
Benedikto XVI.a Aita Santu emerituak barkamena eskatu die sexu-abusuen biktimei, bere ardurapean egindako akatsengatik. Vatikanoak astearte honetan argitaratutako gutun batean egin ditu adierazpenok.
Urtarrilean publiko egin zen ikerketa baten arabera, Benedikto XVI.a aita santu emerituak Alemaniako Eliza katolikoaren baitan gazteei eta adin txikikoei egindako sexu-gehiegikerien berri izan zuen eta horietako batzuk gelditzeko aukera izan arren, ez zuen ezer egin.
"Lotsa eta mina sentitzen dudala adierazi eta barkamenik zintzoena eskatu nahi diet sexu-abusuen biktima guztiei", idatzi du abusuei buruzko txostenari erantzunez. Horren arabera, Benedikto XVI.ak jakin bazekien lau apaiz pederasta zeudela Alemanian, bera Munichen artzapezpiku zenean.
"Mina are handiagoa da Eliza katolikoan neukan ardura izanda. Ikasi dut ulertzen erru horrek gu geu harrapatzen gaituela behar bezala erantzuten ez diogunean, sarri gertatzen den bezala", azpimarratu du.
Gaur bertan sexu-abusu kasu baten inguruan hitz egin behar zuen aita santu emerituak, 1980an, Muncihen artzapezpiku zenean, horri buruz jardun zuten bilera batean egon zela aitortu baitzuen. Hasiera batean, baina, kontrakoa esan zuen, hots, ez zela bilera hartan egon.