Mundua -

Ekialde Hurbila

Juana Ruiz kooperante espainiarra aske utzi du Israelek, 10 hilabete preso eman eta gero

Langile humanitarioak adierazi du oraindik ez duela ulertzen zergatik atxilotu zuten.

Juana Ruiz espainiar kooperantea. Argazkia: EITB Media
Juana Ruiz espainiar kooperantea. Argazkia: EITB Media
Juana Ruiz kooperantea askatu du Israelek, 10 hilabeteren ostean

0:51

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juana Ruiz espainiar langile humanitarioa aske geratu da gaur Israelen, 10 hilabetez herrialde hartan preso egon eta gero. Baldintzapeko askatasuna eman diote, hain zuzen ere, eta zigorra Zirjordanian duen etxean bete ahal izango du.

"Seguru aski gauza asko dago esateko, baina orain behar dudana da atsedena, psikologikoki eta fisikoki osatzea eta familiarekin berriz egotea", adierazi du, Yeningo postu militar israeldarrean. Bertara eraman dute Espetxe zerbitzuek, Damongo espetxetik (Haifa herria, Israelgo iparraldea) atera eta gero.

Azaroaren 17an, Israelgo auzitegi militar batek 13 hilabeteko kartzela zigorra eta 14.000 euroko isuna ezarri zizkion Juana Ruizi, Fiskaltzarekin akordioa lortu ondoren.

Defentsak eta Fiskaltzak akordioa lortuta, kooperantearen aurkako karguak bostetik bira murriztu ziren: legez kanpoko erakunde bati laguntzea eta dirua jaso eta legez kontra Zisjordanian sartzea. 

Ruiz Sanchezek 63 urte ditu, eta 80ko hamarkadatik bizi da Zisjordania okupatuan. Duela hamarkada batzuetatik, Osasunerako Lan Batzordeen proiektuen koordinatzaile gisa ari da lanean. Gobernuz kanpoko erakunde palestinar horrek laguntza ematen die herritarrei osasunaren eta garapenaren arloan, eta, aldi berean, haien eskubideen alde egiten du.

Hunkituta, ez duela ezer ulertzen adierazi du gaur, eta eskertu egin du jasotako babesa.

Horren esanetan, atxilotu zuten egunean goizadeko bostetan sartu ziren millitarrak haren etxean, eta atxilotuta eraman zuten. "25 soldadu sartu ziren 60 urtetik gorako hiru pertsona geunden etxe batean", zehaztu du. "Ez diogu inori min egin!", gogorarazi du.

Orain, Beit Sahur herrian duen etxean beteko du espetxe zigorra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina GKEak Ekialde Hurbila