Mundua -
NATO eta AEB
Ukrainaren inguruko tentsioak gora egin du operazio militar gehiagorekin
Washingtonek Europako ekialdera eta Baltikoko herrialdeetara soldaduak bidaltzea aztertzen ari dela onartu du, eta NATOk ekialdeko hegala sendotuko du. Errusiak Mendebaldearen “histeria informatiboa” salatu du.
Agentziak | EiTB Media
Ukrainaren inguruko tentsioak gora egin du gaur, Washingtonek Europako ekialdera eta Baltikoko herrialdeetara soldaduak bidaltzea aztertzen ari dela onartu eta NATOk ekialdeko hegala sendotuko duela iragarri ondoren. Errusiak Mendebaldearen "histeria" salatu du.
Kremlinaren hitzetan, Europako ekialdea bizitzen ari den tentsioaren erantzukizun guztia AEBek eta Aliantza Atlantikoak dute. Horrela, Dmitri Peskov Errusiako bozeramaileak kritikatu duenez, Mendebaldean "histeria informatiboa" eragin dute.
Peskovek Errusiaren aurkako kanpaina informatiboa salatu du, "gezur eta faltsukeriaz" josita, "ekintza konkretuekin" lagunduta.
"NATOk kontingentea areagotu eta indar eta armamentu gehiago ekialdeko hegalera bidaliko dituela ikusi dugu. Horrek tentsioa areagotzen du", azpimarratu duenez.
NATOk iragarri duenez, "alerta egoeran" jarri eta gerra-ontzi eta hegazkin gehiago zabalduko ditu Europako ekialdean, "disuasio eta defentsa aliatua sendotzeko". Bitartean, Errusiak Ukrainan eta Ukrainaren inguruan soldaduak pilatzen jarraitzen du.
"Norbaitek zera esan zuen, zuzen, NATOri buruz: eskuan mailu bat baldin baduzu, arazo bakoitza iltze bat denik ez du esan nahi. NATOren hizkuntza mehatxuena eta presio militarrarena da. Ez dago ezer berririk", adierazi du Alexandr Grushko Errusiako Atzerri ministrordeak.
Joe Biden AEBko presidentea, aldiz, The New York Times egunkariak gaur argitaratu duenez, milaka soldadu, gerra-ontziak eta hegazkinak Europako ekialdean eta Baltikoko nazioetan zabaltzeko aukera aztertzen ari da, Ukrainako krisian inplikazio militarra areagotuz.
Tropak zabaltzeko aukera Europako aliatuekin batera aztertu du AEBko Gobernuak, Jen Psaki Etxe Zuriko Prentsa idazkariak astelehen honetan baieztatu duenez.
"Agertoki guztiak kontuan hartuta, egitasmoak zehaztu eta gure aliatuak galdetu ditugu. Ekialdeko hegalean gure aliatuak (NATO) indartuko genituela beti esan dugu, eta azken asteetan gure bazkideekin eztabaidatu dugu", azaldu du Psakik prentsaurrekoan.
Etxe Zuriko bozeramaileak gaineratu duenez, Pentagonoak informazio gehiago emango du, baina AEBk "inbasioa baino lehen laguntza gehiago eskaintzeko aukera" sekula ez du baztertu.
John Kirby Pentagonoko bozeramaileak prentsaurrekoan esan duenez, militarrak "alerta handiagoan" jartzea erabaki da, baina oraindik ez da troparik zabalduko.
Langile diplomatikoen murrizketa
Gainera, Washingtonek eta Londresek Ukrainan langile diplomatikoak murrizteko erabakia hartu dute, egoerak hobera egiten ez duen seinale argia.
Ukrainan bizi diren estatubatuarrei herrialdetik "berehala ateratzeko" eskatu die Etxe Zuriak. Afganistanen gertatu ez bezala, ebakuazio egitasmorik ez dela izanen erantsi du. "Alde egiteko ordua dela seguru gaude", ziurtatu du Psakik.
Neurria "gehiegizkoa" eta "garaia baino lehen" hartu dutela uste du Ukrainak, "segurtasun egoeran aldaketa esanguratsurik ez delako izan". Zentzu horretan, "2014tik Errusiaren eraso berri baten mehatxua etengabea izan da", gogorarazi du Kievek.
AEBen jarrera "bitxia eta batere argia" ez dela esan du Errusiak. Era berean, Australiak enbaxadako beharginen senideak ebakuatzeko agindua eman du gaur. Bitartean, Europar Batasunak ez ditu oraingoz langile diplomatikoak Kievetik aterako.
Bestalde, Ukraina Donetskeko eta Luganskeko errepubliken mugetan indarrak metatzen ari dela salatu du Errusiako Presidentetzaren bozeramaileak. Ukrainako ekialdean Errusiaren aldeko matxinoek Moskuren laguntzarekin sortutako errepublikak dira.
Errusiak Ukrainako mugetan zabaldu dituen 100.000 soldadu baino gehiago, ostera, ez ditu aipatu Peskovek.
Minskeko akordioak
Donbasseko gatazka konpontzeko, Ukrainak Minskeko akordioak bete behar dituela errepikatu du Errusiak. Errusiaren aldeko matxino separatistek sortatuko errepublikei estatus berezi bat ematea nahi du Moskuk.
Errusiako soldaduek lurraldetik alde egin eta Ukrainak Errusiaren mugako kontrola berreskuratzen ez duen bitartean, konpromisoa betetzeari uko egiten dio Kieveko Gobernuak.
Normandia Formatuko (Alemania, Frantzia, Errusia eta Ukraina) buruzagien aholkulari politikoek bilera egin behar dute asteazkenean, Parisen, akordioak aztertzeko.