Mundua -
Erasoen laugarren eguna
200 pertsonatik gora hil dira Siriako Gherango espetxean izandako matxinada eta ihesaldian
Gainera, "ehunka" militar zauritu omen dira. Erasoak kontrolatze aldera, segurtasun indarrak kartzela inguruan daude egunotan.
Agentziak | EiTB Media
Indar kurduek eta Estatu Islamiarraren (EI) aurkako nazioarteko koalizioak erasoaldia hasi dute Gherango espetxean, Hasakako lurraldean (herrialdearen ipar-ekialdean), EIk duela lau egun abiatutako erasoari amaiera emateko asmoz. Han kartzelatuta dauden EIko 5.000 kideak askatu nahi zituzten. Saiakeran, baina, 200 pertsona inguru hil dira, lehen balantze ofizialaren arabera. Hildakoen arteko 175 talde jihadistako kideak dira, eta segurtasun indarren 27 agente zendu dira.
Guztira, 10.000 militar ari dira operazioan parte hartzen, eta hainbat hil eta "ehunka" zauritu dira.
"Segurtasun Indarrak lanean ari dira Estatu Islamiarreko kideak handik ateratzeko", jakinarazi dute koordinazio eta operazio militarren zentrokoek Twitter bidez.
Erasoak kontrolatze aldera, Segurtasun Indarrak kartzela inguruan daude egunotan. Bien bitartean, nazioarteko koalizioak laguntza eskatu die herritarrei, "edozein ekintza terrorista edo susmagarri" kontrolatu ahal izateko.