Mundua -

Erresuma Batua

Gobernu britaniarraren aholkulari batek adierazi du Johnsonek Downing Streeteko festa baimendu zuela

Dominic Cummings lehen ministro britaniarraren aholkularia izan zen eta Downing Streeteko egoitzan egindako festei buruz Parlamentuan azalpenak ematerakoan Boris Johnsonek gezurra esan zuela ziurtatu du.

Kazetari bat Downing Streeten, Boris Johnsonen irudia dakarren egunkari bat eskuan duela. EFE
Kazetari bat Downing Streeten, Boris Johnsonen irudia dakarren egunkari bat eskuan duela. EFE
Kazetari bat Downing Streeten, Boris Johnsonen irudia dakarren egunkari bat eskuan duela. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dominic Cummings Gobernu britainiarraren aholkulari izandakoak zalantzan jarri du Boris Johnsonek Downing Streeteko egoitzan egindako festei buruz Parlamentuan eman zuen bertsioa, eta ziurtatu du bazekiela pandemiagatik ezarritako arauak urratuko zirela, berak ohartarazi baitzion horretaz, topaketa bertan behera utz zezala gomendatuta.

Gainera, ohartarazpen hori idatzita helarazi ziotela eta, beraz, mezun horren frogak badaudela zehaztu du Cummingsek.

Alabaina, Johnsonek dena ukatu du gaur: "Inork ez zidan esan koronabirusagatik ezarritako arauak urratuko zirenik". Eta berretsi egin du "laneko ekitaldi bat" zela pentsatzen zuelako joan zela. Astebetez isilik egon ostean, Sky News telebistan egin ditu bere burua defendatzeko adierazpenak.

Komunikabide horren arabera, festarako gonbidapenak Johnsonen idazkari Martin Reynoldsek bidali zizkien posta elektronikoz lehen ministroaren egoitzan lan egiten duten 100dik gora pertsonari.

ITV telebistak zehaztu duenez, maiatzeko "eguraldi ona aprobetxatzeko" lorategian biltzeko gonbita luzatzen zitzaien mezuan, eta "nork bere edaria ekartzeko" eskatzen zuten.

Downing Streeten egindako festei buruzko xehetasunak publiko egiten ari diren heinean, Johnsonen gaineko presioa gero eta handiagoa da. Dimisioa eman dezala eskatu diote oposiziotik, eta bere alderdiaren baitan ere badira kargua utzi beharko lukeela pentsatzen dutenak.

Testuinguru horretan, lehen ministro britainiarrak berriro eskatu du barkamena "egindako akatsengatik".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Ingalaterra Boris Johnson Koronabirusa