Mundua -
hego pazifikoa
Tsunami batek Tonga uhartea astindu du, sumendi baten erupzioa lehertu ondoren
Olatuek hondartzako lehen lerroko etxeak kolpatu dituzte eta ingurua berehala geratu da urpean. Oraingoz, ez dute biktimen berri eman bertako agintariek.
agentziak | eitb media
Tsunami batek Tonga uharteko kostaldea astindu du larunbat honetan, Hego Pazifikoan, sumendi erupzio bortitz baten ondoren. Kalte materialak bai, baina, oraingoz, ez dute jakinarazi biktimarik dagoen.
Olatuek hondartzako lehen lerroko etxe eta eraikinak kolpekatu dituzte, eta inguru oso urpean geratu da berehala, etxeko teilatuan babesa hartu duten lekukoek sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikus daitekeenez.
Bertako agintariek tsunami alerta ezarri dute herrialde osoan, Hunga-Tonga-Hunga-Ha'apai itsaspeko sumendiaren erupzioaren ostean. Tongatapu uhartea, 71.000 biztanleko nazio uhartetar honetako nagusia, 65 kilometrora dauka.
Lekukoen arabera, 17:20an lehertu da erupzioa sumendian, eta errautsezko hodei erraldoia jaurti du airera.
Tongako Zerbitzu Meteorologikoak itsaspeko sumendiak eragindako hodeiaren satelite-irudi bat zabaldu du. Sumendiak aktibitate gorakorraren seinaleak emanak zituen aurreko gauean, eta tsunami alerta ezarri zuten berehala.
Agintariek eremu altuenetara joateko eta errauts-euriaren aurrean babesteko musukoa erabiltzeko eskatu diote kostaldeko biztanleriari.