Mundua -
Protestak Kazakhstanen
Nazioarteko tropak Kazakhstandik irteten hasiko dira eta Tokayev presidenteak neurri sozialak iragarri ditu
OTSC antzinako errepublika sobietarretako sei herrialde batzen dituen aliantza militarreko soldaduak ostegunean hasiko dira Kazakhstandik ateratzen.
AGENTZIAK | EITB Media
Kasim-Yomart Tokayev Kazakhstango presidenteak astearte honetan iragarri duenez, nazioarteko tropak ostegunean hasiko dira herrialdetik irteten. Halaber, hainbat neurri sozial iragarri ditu herritarren haserrea baretzeko. Izan ere, gas likidotuaren prezioaren igoera dela eta azken egunotan izandako protesten baitan, gutxienez 160 pertsona hil eta ia 10.000 pertsona atxilotu dituzte.
Tokayev presidenteak bideokonferentziaz Parlamentuaren aurrean egin duen agerraldian iragarri duenez, ostegunean hasiko dira OTSC antzinako errepublika sobietarretako sei herrialde batzen dituen aliantza militarreko soldaduak Kazakhstandik ateratzen. Irteera graduala izango da eta 10 egun baino gutxiago iraungo du.
Kazakhstango presidenteak laguntza militarra eskatu zion hilaren 5ean OTSCri. Orduan, 2.030 soldadu bidali zituen, gehienak, errusiarrak. Errusiak, Bielorrusiak, Armeniak, Kirguistan, Tayikistango eta Kazakhstanek osatzen dute antzinako errepublika sobietarretako sei herrialde batzen dituen aliantza militarra.
Neurri sozialak
Gizartearen haserrea baretzeko asmoz, Tokayev presidenteak Gobernuari agindu dio programa bat abian jar dezala herritarren diru-sarrerak bi hilabetetan handitzeko. Parlamentuak gaur bertan izendatu du Alijan Smaílov lehen ministro.
Gainera, "osasun, hezkuntza eta gizarte-laguntza arloetan dauden benetako arazoak" konpontzeko gizarte funts publiko bat sortzea galdegin du.
Era berean, Kazakhstanera gonbidatutako enpresa handiei Kazakhstango Herriarentzako Funtsean laguntzeko eskatu die.
Bestalde, Kazakhstango Garapen Bankuaren jarduerak berregituratzeko ere agindu dio Gobernuari. Era berean, gobernuko kideen, gobernadoreen eta diputatuen soldata igoera luzatzea erabaki du. Azkenik, Administrazio Publikoaren erreforma iragarri du.