Mundua -
Errusia-Ukraina
Errusiak adierazi du ez diola Ukrainari erasorik egingo
Errusia eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariak Genevan bildu dira Vladimir Putinen erregimenaren eta Ukrainaren arteko gatazkari amaiera emateko akordioa bilatzeko asmoz. Alabaina, nork bereari eusten dio.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusia eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkaritza bana Genevan bildu dira Ukrainako gaztakari buruz hitz egiteko. Alabaina, nork bereari eusten dio eta ez da inolako aurrerapenik izan. Aurrerago berriro biltzekotan gelditu dira.
Sergei Riabkov Errusiako Kanpo gaietarako ministrordeak bileran adierazi du bere herrialdeak ez duela asmorik Ukrainaren aurkako erasorik egiteko, mugara tropa gehiago eraman baditu ere.
Gaurko elkarrizketa "zaila, luzea, sakona, profesionala eta zehatza" izan dela nabarmendu du, eta "gai gatazkatsuenei buruz" aritu direla erantsi du. "Gure proposamenak aintzat hartu dituztela eta zorrotz aztertuko dituztela uste dugu", esan du.
Besteak beste, Errusiak bi baldintza jarri ditu mahai gainean: Ukraina NATOn sartuko ez dela bermatzea edo Ukrainako Gobernuari segurtasunaren alorrean gehiago lagunduko ez diotela ziurtatzea.
Alaibaina, Wendy Sherman AEBko Estatu idazkariordeak aurreratu du Gobernu estatubatuarrak ez dituela baldintza horiek onartuko. "Ez dugu onartuko inork inori NATOren ateak ixtea, ez diogu uko egingo gurekin kolaboratu nahi duten estatuekin harremanak izateari eta ez dugu Ukrainari buruzko erabakirik hartuko Ukrainarekin hitz egin gabe", nabarmendu du.
Gauzak horrela, gaurko batzarretik ezer positiborik aterako denaren itxaropena murriztu egin da. "Gaur elkar ulertzeko elkarrizketa bat izan dugu; nork bere lehentasunak aurkezteko bilera izan da, baina ez da negoziazio bat izan", aitortu du Shermanek.
Horrez gain, AEBek Indar Nuklearrei buruzko Ituna berriro aktibatzeko proposamena jarri du mahai gainean. 2019an bertan behera utzi zuen akordioa, Moskuk hainbat urtetan urratu egin zuela salatuta.
Zehazki, irismen ertaineko misilak non dauzkaten argitzea nahi dute AEBek, baita arma horien tamainari eta tropen mugimenduari mugak jartzea ere.
Estatu Batuek 70.000 militar baino gehiago dituzte Europan; horietatik 6.000 Europa ekialdean daude, eta 4.000 Polonian.