Mundua -
Koronabirusa
Erresuma Batuan Armadaren laguntza jaso dute Londresko ospitaleetan, omikron aldaerari aurre egiteko
Batzuk ostiral honetan bertan hasi dira lanean, eta urtarrilaren amaierara arte jarraituko dutela aurreikusten da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erresuma Batuko osasun agintariek baieztatu dutenez, Armadak hainbat agente zabaldu ditu Londresen, ospitaleei laguntzeko, koronabirusaren omikron aldaerari aurre egiteko, osasun arloko langile asko kutsatu baitira.
Guztira, Armadako 200 bat kide dira, horietako 40 medikuak, hiriko ospitaleetako egoerari aurre egiten laguntzeko jarri dituztenak. Besteak diru-sarrerez, hornidurez eta bestelako gai burokratikoez arduratuko dira, Defentsa Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Horietako batzuk ostiral honetan bertan hasi dira lanean, eta urtarrilaren amaierara arte egongo direla aurreikusten da. Boris Johnson lehen ministroak Erresuma Batua kutsatzeen olatutik "ateratzea" espero duela esan eta bi egunera iritsi da iragarpena.
Hala ere, Osasun saila "gainezka" dagoela onartu du, aldaera berria agertu delako. Erresuma Batuak 179.756 kasu jakinarazi zituen ostegunean. Azken astean milioi bat kutsatu baino gehiago zenbatu dituzte, aurreko astean baino % 29 gehiago. Ingalaterran 17.988 pertsona daude ospitaleratuta, aurreko egunean baino 15.659 gehiago.