Mundua -
Koronabirusa
Laugarren dosia jarriko duten herrialdeak kritikatuta, txertoak mundu osoan banatzeko deia egin du MOEk
Munduko Osasun Erakundeak ohartarazi du pandemia ez dela amaituko munduan milioika pertsona txertatu gabe baldin badaude. Hortaz, laugarren dosia jartzen hasi aurretik, txertoak banatzeko eskatu die herrialde aberatsei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak covid-19aren aurkako txertoaren laugarren dosia jartzeko kanpainak abiatzera doazen herrialdeak kritikatu ditu, oraindik ehun bat herrialdetan lehen dosia jarri ez dutela ohartarazita. Besteak beste, Frantziak eta Israelek iragarri dute laugarren dosia emateko asmoa.
"Horrela jarraituz gero, 2022ko uztailerako 109 herrialdek ez dute beren biztanleriaren % 70 txertatuta izango. Herrialde batzuk laugarren dosia jartzen hasi diren bitartean, beste batzuek ez dute osasun sektoreko langileak txertatzeko aukerarik ere izan", salatu du.
"Hainbat errefortzu dosi emanda ere, herrialde horiek bakarrik ez dute pandemia amaitzea lortuko, munduan milioika pertsona txertatu gabe baldin badaude", erantsi du.
"Iaz izan zen desberdintasunarekin amaitzeko modua bilatu behar dugu, epe laburrean sortzen diren txertoak mundu guztian banatzeko", adierazi du.
Horren aurrean, munduko agintariei dei egin die 2022ko uztailerako munduko biztanleriaren % 70 txertatuta egoteko beharrezkoak diren neurriak har ditzaten.