Mundua -
gatazkak
Kazakhstanek nazioarteko laguntza militarra jaso du, istiluetan dozenaka pertsona hil ondoren
Almatyko Poliziak operazio antiterrorista abiatu du eta OTSC aliantza militarrak, bestalde, baketze indarrak bidali ditu Kazakhstanera.
agentziak | eitb media
Kazakhstaneko agintariek "dozenaka" pertsonaren heriotza berretsi dute ostegun honetan, asteazken gauean Almaty hiriko zenbait eraikin administratibotan sartzen saiatu ostean, gas likidotuaren prezioaren igoera dela eta azken egunotan piztutako protesten baitan.
Saltanat Azirbek Almatyko Poliziaren bozeramaileak adierazi duenez, "muturreko indarrak eraikin administratiboetan sartzen saiatu ziren", Poliziaren egoitzan besteak beste, eta gaineratu du "dozenaka manifestari eliminatu" dituztela eta euren "nortasunak zehazten" ari direla.
Era berean, baietsi du operazio antiterrorista dagoela martxan hiriko gune horretan, eta bertakoei eskatu die etxetik irtetea ekiditeko, "euren segurtasun propiorako". Hiriko Poliziak ohar batean nabarmendu duenez, "ordena ezartzea" da helburua.
Polizia lokalak azaldu duenez, "istiluen jarraitzaile erradikalizatuek kalte handiak eragin dituzte hirian, eta erresistentziaz erantzun diete segurtasun indarrek ordena ezartzeko eta segurtasuna bermatzeko abiatutako ekintzei".
Ordu batzuk lehenago, Barne Ministerioak zortzi uniformaturen (hamahiru dira orain) heriotza ezagutzera eman zuen, Poliziaren eta Guardia Nazionaleko soldaduen artean. Kasim Jomart Tokayev Kazakhstango presidentea herritarrei zuzendu zitzaien orduan, eta berretsi zuen "ahalik eta gogortasun handienaz" egingo zuela istiluen arduradunen aurka, baita horietan parte hartu zutenen aurka ere.
Almaty hiria izaten ari da orain arte manifestazioen agertoki nagusia, baina bestelako hiri handietara ere hedatu dira; Nursultan hiriburura zein Mangistauera, tartean. Tokayev presidenteak larrialdi egoera eta etxeratze-agindua dekretatu ditu zenbait eskualdetan. Gainera, atzerritarrak herrialdean sartzeko debekua ezarri dute aldi baterako.
OTSCren baketze indarrak
Egoera horren aurrean, Segurtasun Kolektiborako Hitzarmenaren Erakundeak (OTSC), antzinako errepublika sobietarretako sei batzen dituen aliantza militarrak alegia; Errusiako, Bielorrusiako, Armeniako, Kirguistango eta Tayikistango tropak bidali ditu Kazakhstanera, herrialdeko agintarien eskaerari erantzuten.
OTSCren arabera, "estatu-helburu eta helburu militar garrantzitsuen babesa" izango da indar horien eginkizun nagusia, baita "Kazakhstango ordenaren babesa" ere, "egoera egonkortzeko eta legezkotasunerako itzulera sustatzeko".