Mundua -

Telefono bidezko elkarrizketa

Bidenek eta Putinek mugak ezarri dituzte urtarrilaren 10ean Ukrainari buruz hitz egin baino lehen

Aldi berean, Errusiak adierazi du bere segurtasunerako mehatxuak ezabatuko dituela, baldin eta AEBk eta NATOk ez badituzte bermeak ematen.

Joe Biden telefonoz hizketan. Irudia: EFE
Joe Biden telefonoz hizketan
Joe Biden telefonoz hizketan. Irudia: EFE

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidentearen eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen arteko telefono bidezko bilera ostegun honetan izan da, eta bi buruzagiek Ukrainako mugan bizi duten tentsioaren inguruan hitz egin dute.

Etxe Zuriko Jen Psaki prentsa buruak ohar baten bidez jakinarazi duenez, bilera amaitu eta gutxira Biden presidenteak Putini "Ukrainarekiko tentsioak murrizteko" beharra azpimarratu dio.

"Argi utzi du AEBk eta bere aliatuek sendo erantzungo dutela Errusiak Ukraina inbaditzen jarraitzen badu", baina, aldi berean, Bidenek "diplomaziari ere babesa eman dio", Moskuk eta NATOk urtarrilean egingo duten bileraren baitan.

Bestalde, Yuri Ushakov aholkulari errusiarrak Bidenek AEBk ez duela "Ukrainan arma iraingarririk zabaltzeko asmorik" agindu diola Putini esan du.

Elkarrizketak urtarrilaren 10etik 12ra bitartean Genevan egitekoak diren elkarrizketen atarikoak ere izan dira.

Deia Putin presidenteak eskatuta egin dute, eta bi buruzagiek egin duten bigarrena izan da. Abenduaren 7ko elkarrizketan Bidenek AEBk Ukrainako lurralde osoarekin duen konpromisoa nabarmendu zuen, eta "aurrekaririk gabeko" zigor ekonomikoekin mehatxu zuen Errusia, balizko eraso bat gertatzen bazen.

Errusiak bere segurtasunerako mehatxuak ezabatuko ditu AEBk eta NATOk bermeak ematen ez badituzte

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak esan duenez, Errusiak bere segurtasunerako mehatxuak ezabatuko ditu, AEBk eta NATOk ez badituzte tentsioa murrizteko eskatzen dizkien bermeak ematen "arrazoizko epe" batean.

"Ez diegu utziko gure ekimenak eztabaida amaigabeetan sartzen. Dakigunez, prestatzen ari garen proiektuak Washingtonen eta mendebaldeko beste hiriburu batzuetan aztertzen ari dira", esan du Lavrovek abuztuaren 10ean Genevan hasiko diren negoziazioei buruz.

Azpimarratu duenez, Moskurentzat "oso garrantzitsua" da AEBko goi agintari militarrek negoziazioetan parte hartzea, arma konbentzionalen kontrolari buruzko akordioak lortzeko.

Halaber, Mosku ez dela konformatuko idatzizko berme juridiko eta lotesleak ez diren beste ezerekin nabarmendu du. Izan ere, "Mendebaldeko herrialdeek ez dituzte konpromiso politikoak sistematikoki betetzen, are gutxiago agintari sobietarrei eta errusiarrei hitzez egindakoak".

Ukrainako gerra "amaitzetik urrun" dagoela salatu du, Kievek gatazka konpontzeko duen uzkurtasunaren ondorioz, eta Ukrainako "asmo militaristak" armamentuarekin eta instruktoreekin babestea egotzi dio Mendebaldeari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin NATO Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra