Mundua -
KORONABIRUSA
Zirkulazio librea ez kaltetzeko koordinazioa eskatu dute EBko herrialdeek, baina ez dute akordiorik lortu
Frantziak herrialdean sartzea debekatuko die Erresuma Batuko herritarrei. Greziak, Irlandak, Italia eta Portugalek, berriz, PCR negatibo bat eskatuko die bidaiari guztiei, baita covid ziurtagiria duten europarrei ere.
AGENTZIAK | EITB Media
Omikron aldaeraren zabalkundeari aurre egiteko neurriak koordinatzea eskatu dute Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek, besteak beste, pertsonen mugimendu askea "neurriz kanpo" ez kaltetzeko. Hala eta guztiz ere, ez dute akordiorik lortu eta herrialde asko aldebakarreko erabakiak hartzen hasi dira.
Portugalek, Italiak, Greziak eta Irlandak covid ziurtagiria eta PCR negatiboa eskatuko diete atzerritarrei, baita pauta osoarekin txertatuta dauden europarrei ere.
Frantziak, bere aldetik, PCR negatiboa eskatuko die arrisku epidemiologiko altuko herrialdetik datozen Europar Batasunetik kanpoko bidaiariei, txertatuta dauden ala ez kontuan hartu gabe.
Gaurtik, Frantziak mugak itxiko dizkie Erresuma Batutik bidaiatzen dutenei, txertatuta izan ala ez. Ezinbesteko arrazoi batengatik soilik bidaiatu ahalko dute. Ez dira salbuespen gisa onartuko lan eta turismo bidaiak.
27 herrialdeek pandemiaren bilakaera arretaz jarraitzeko eta txertaketa bultzatzeko deia egin dute. Aurreikuspenak betetzen badira, urtarrila erdialderako omikron aldaera izango da nagusi Europan.
Bestalde, EBko herrialdeek Europako Batzordearen esku utzi dute covid ziurtagiriaren iraungitze data zehaztea. Errefortzu dosirik jaso ezean, bederatzi hilabeteko epean iraungiko da.