Mundua -
Bilera telematikoa
Ukrainari eraso eginez gero, Errusiak "neurri ekonomiko gogorrak" jasoko dituela adierazi dio Bidenek Putini
Ameriketako Estatu Batuetako eta Errusiako presidenteek goi-bilera egin dute, bideokonferentzia bidez; bertan, Joe Bidenek eskatu dio Vladimir Putini tentsioak murriztu eta "diplomaziara bueltatzea".
Agentziak | EITB Media
Joe Bidenek Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidentea mehatxatu du astearte honetan: azken horrek Ukrainari erasoko balio, "neurri ekonomiko handiak, eta beste neurri batzuk ere" jasoko lituzke. Etxe Zuriaren arabera, horrez gain, eskatu dio tentsioak murriztu eta "diplomaziara bueltatzea".
Bideokonferentzia bidez egindako goi-bileran, Bidenek "adierazi du AEB eta europar aliatuak sakonki kezkatuta daudela, Errusia Ukrainako inguruetan gauzatzen ari den ekintza militarrak ikusita", zehaztu du Etxe Zuriak, ohar labur batean, topaketa amaituta.
Bidenek "argi utzi du Ameriketako Estatu Batuek eta aliatuek neurri ekonomiko gogorrak, eta beste neurri batzuk ere, ezarriko dituztela Errusiaren ekintza militarren kopuruak gora egiten jarraitzen badu", ziurtatu du AEBko presidentearen bulegoak.
Joe Bidenek berretsi du Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde-osotasuna, eta eskatu du tentsioak behera egitea eta diplomaziara bueltatzea, dio Etxe Zuriaren oharrak.
Elkarrizketaren ostean (bi orduko iraupena izan du, gutxi gorabehera), bi presidenteek eskatu diete euren taldeei hitz egindakoaren jarraipena egin dezatela; AEBren asmoa da "aliatuekin eta bazkideekin egitea, modu koordinatuan, batez ere Europan".
Beste gai batzuk, goi-bileran
Goi-bileran zehar, Bidenek eta Putinek, halaber, hizpide izan dute egonkortasun estrategikoaren gaineko euren herrialdeen arteko aldebiko elkarrizketa. Horrez gain, Washington eta Moskuren arteko beste ekimenaz hitz egin dute, alegia, "ransomware" baliatuz egindako zibererasoez; programa horrek erabiltzailearen datuak bahitzen ditu, eta, askatzeko, ordainketa eskatzen du.
Gainera, "eskualdeko gaiak ere izan dituzte aztergai, Iran kasu; izan ere, akordio nuklear irandarra salbatzeko elkarrizketak puntu korapilatsuan daude. Ameriketako Estatu Batuek 2018an alde egin zuten akordio horretatik.
Etxe Zuria, AEBk Europan dituen bazkideak eta Ukraina zigor ekonomiko gogorrak ari dira prestatzen, helburu izanik Putinek baztertzea Ukrainan erasoa jotzea. Errusiak muga du Ukrainarekin, eta muga horietan, AEBko eta Ukrainako inteligentziaren arabera, Errusiako 70.000-94.000 soldadu daude.
AEBren ustez, Errusiak 175.000 soldadu baliatuz jo lezake Ukrainan, edo herrialdea inbaditu; Ukrainaren iritziz, erasoa 2022ko urtarrilaren amaieran gerta liteke.