Mundua -
Koronabirusa
Italiak are gehiago murriztu dizkie jarduerak txertoa hartu ez dutenei, ziurtagiri indartuarekin
"Super ziurtagiri berdea" beharrezkoa izango da kirol, diskoteka, jai eta zeremonia publikoetan sartzeko urtarrilaren 15era arte, baita asteburuetan garraio publikoan eta merkataritza-guneetara sartzeko ere. Gainera, kontrol- eta zigor-neurri berriak sartuko dira indarrean.
Agentziak| EITB Media
Gaurtik aurrera, Italiak koronabirusari aurre egiteko neurri berriak hartuko ditu, tartean, osasun ziurtagiri indartua ezartzea; izan ere, txertoa hartu ez dutenei are gehiago murriztu dizkie jarduerak Gobernuak. Gainera, autobusen, metroaren eta merkataritza guneen kontrolak areagotuko ditu, Eguberrietan kutsatze-gune nagusi izan daitezkeenak.
Txertatutako herritarrek eta gaixotasuna gainditu dutek izango dute eskura ziurtagiri berria, eta beharrezkoa izango da taberna, jatetxe, zinema eta antzokietan sartzeko; gaurtik aurrera baita kirol ekitaldietan, diskoteketan, festetan eta zeremonia publikoetan sartzeko ere, urtarrilaren 15era arte.
Osasun Ministerioak aplikazio bat jarri du abian, "super ziurtagiri berde" gisa ezagun denaren baliozkotasuna egiaztatzeko. Agiri horrek bederatzi hilabeteko balioa izango du azken dosiaz geroztik txertoa hartu dutenentzat, eta sei hilabetekoa covid-19a gainditu dutenentzat.
Aitzitik, antigeno negatiboen proba bat dutenak ere barne hartzen dituen ziurtagiri arrunta nahitaezkoa izango da lan egiteko, garraio publikora sartzeko, museoetan sartzeko eta merkataritza-guneetan ibiltzeko; asteburuetan baina, ziurtagiri berri hau izango da erakutsi beharrekoa.
Ziurtagiri indartuaren etorrerarekin batera, Barne Ministerioak ezarritako neurri berriak ere indarrean sartuko dira gaur, bi osasun paseak kontrolatzeko.
Polizia nazionala, karabineroak (polizia militarizatua) eta tokiko garraio publikoa kudeatzen duten erakundeetako langileak arduratuko dira 12 urtetik aurrerako metro- eta autobus-bidaiariei osasun-ziurtagiria eskatzeaz, eta horrek eztabaida sortu du eskola-garraioaren inguruan.
Adin horretatik beherakoek eskolarako autobusetan erakutsi egin beharko dute ziurtagiria, eta eskualdeek "luzamendu" bat eskatu dute, txertatuta egon ala ez, "guztiei eskolara joateko aukera emateko". Gobernuak neurri hori aztertuko duela esan du, nahiz eta garraiobideak seguruak izan behar direla azpimarratu.
Tabernetarako, jatetxeetarako eta aisialdirako beste leku batzuetarako sarbidea udaltzainek kontrolatuko dute, eta jarduera bakoitzerako eskatutako ziurtagiria ez duenak 400 eta 1.000 euro arteko isunei egin aurre egin diezaioke.
Neurri berri horiek indarrean jartzeak –besteak beste, hiri erdiguneetan eta merkataritza-guneetako kanpoaldetan maskara erabili beharra-, areagotu egin du txertaketa azken egunotan, batez ere hirugarren dosiena edo oroitzapenekoena.
Gaur egun, 8,6 milioi txerto eman dira dagoeneko, hau da, biztanleriaren % 42,25ek du errefortzuko dosia, eta pauta osoa duten herritarrak 45,7 milioi dira, biztanleen % 84,76. Datorren astean hasiko da, gainera, 5-11 urteko adingabeen txertaketa.
Azken 24 orduetan, 15.021 kutsatu berri izan dira Italian eta 43 lagun hil dira covid-19ak jota.