Mundua -

Koronabirusa

Txertatzea derrigorrezkoa izatea aztertzen ari dira Alemanian, eta musukoa berriro ezarri dute Ingalaterran

Bestalde, hainbat herrialdek Hegoafrikatik abiatutako hegaldiei ezarritako betoa kritikatu du Munduko Osasun Erakundeak, neurri horrek oinarri zientifikorik ez duela eta herrialde horri kalte egiten diola argudiatuta.

Covid-19aren aurkako txertoa jartzea derrigorrezkoa izatea aztertzen ari dira Alemanian. EFE
Covid-19aren aurkako txertoa jartzea derrigorrezkoa izatea aztertzen ari dira Alemanian. EFE
Covid-19aren aurkako txertoa jartzea derrigorrezkoa izatea aztertzen ari dira Alemanian. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemiaren olatu berriari aurre egiteko asmoz, Alemanian neurri murriztaile gehiago ezarriko dituzte eta, besteak beste, covid-19aren aurkako txertoa jartzea derrigorrezkoa izatea aztertzen ari dira.

Angela Merkelen Gobernuko ordezkariek bilera egin dute kantziler berria izango den Olaf Scholzekin eta eskualde ezberdinetako agintariekin.

Premiazkotzat jo dute txertaketa kanpaina azkartzea eta urtea amaitu aurretik 30 milioi dosi gehiago jartzeko asmoa iragarri dute.

Bileran, balizko neurriei buruz hitz egin dute eta lehenengo aldiz mahai gainean jarri dute txertaketa derrigortzeko aukera. Hasiera batean, lanbide eta kolektibo zehatz batzuetan izango litzateke derrigorrezkoa txertatuta egotea, eta ondoren baldintza hori herritar guztienagana zabalduko lukete.

Edonola ere, Alemaniako agintariak datorren ostegunean bilduko dira berriro ezarriko dituzten murrizketak eztabaidatzeko eta erabakitzeko asmoz.

Bestalde, bihartik aurrera ezinbestekoa izango da berriz ere musukoa erabiltzea Ingalaterran, garraio publikoa erabiltzeko eta dendetan sartzeko.

Hala erabaki dute Erresuma Batuko Parlamentuan. Boris Johnsonek joan den uztailaren 19an indargabetu zituen koronabirusari aurre egiteko ezarri ziren neurri eta murrizketa guztiak.

Lehen ministro britaniarrak azaldu duenez, urtarrila amaitu orduko 18 urtetik gorako pertsona guztiei errefortzurako dosia ematea izango da bere Gobernuaren lehentasuna orain.

Txertaketa kanpainan, adinekoak eta pertsona zaurgarriak lehenetsiko dituztela zehaztu du.

Bestalde, Munduko Osasun Erakundearen zuzendari nagusiak gogor kritikatu du Europar Batasuneko hainbat herrialdek Afrika hegoaldetik abiatutako hegaldiei betoa jarri izana, omikron aldaerari hedapena ekiditeko aitzakiarekin.

Tedrosek azpimarratu du Botswana eta Hegoafrika covid-19aren aldaerak bilatzeko lanean dabiltzala eta haiei esker izan dela posible omikron aldaera identifikatzea.

"Kezka handia eragiten dit orain herrialde horiek kaltetzea, beharrezkoa zena egiten aritu direnean. Ulertzen dut gainerako herrialdeen kezka, baina hainbat Estatu-kide hartzen ari diren neurriek ez dute oinarri zientifikorik eta berez ez dira eraginkorrak. Areago, desberdintasunak handitzea ekarriko du", salatu du.

Gauzak horrela, omikron aldaeraren hedapenari aurre egiteko "zentzuzko neurri proportzionalak" ezartzeko deia egin die munduko gobernuei.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Alemania Eguneko albisteak Albisteak Ingalaterra Txertoak Koronabirusa Maskarak