Mundua -
Koronabirusa
Suitzak hirugarren dosia jarriko die 16 urtetik gorako herritarrei
Horrez gain, arrisku taldekoak diren 12-16 urteko pertsonei ere emango diete errefortzuzko dosia.
Agentziak | EITB MEDIA
Suitzako osasun agintariek gaur erabaki dutenez, 16 urtetik gorako herritarrei covid-19aren kontrako hirugarren dosia jarriko diete. Duela hilabete 65 urte baino gehiagokoak hirugarrenez ziztatzea ebatzi zuten, baina orain pauso bat gehiago eman dute.
Horrez gain, arrisku taldekoak diren 12-16 urteko pertsonei ere (adibidez, immunoeskasia dutenak) emango diete errefortzuzko dosia, Swissmedic erakundeak kaleratutako agiri ofizialean zehaztu duenez.
Osasun erakundeak Pfizer/BioNTechen txertoa bakarrik aipatu du oraingoz, orain arte Modernaren eta Janssenenak ere erabili dituzten arren.
Inguruko herrialdeetan bezala, kasuek gora egin dute azken asteetan Suitzan. Dena dela, ez dira Alemania edo Austria bezain larri.
Aipatzekoa da Munduko Osasun Erakundearen (MOE) gomendioaren kontra hartu duela erabakia Suitzako erakundeak. Izan ere, txertaketa maila handiko herrialdeei hirugarren dosia atzeratzeko aholkatu zien MOEk, garapen bidean dauden herrialdeetako inokulazio kanpaina bultzatze aldera.