Mundua -

HAUTESKUNDEAK

Kast ultraeskuineko hautagaia eta Boric ezkertiarra lehiatuko dira Txileko hauteskundeetako bigarren itzulian

Jose Antonio Kast eta Gabriel Boric izan dira bi hautagai bozkatuenak igande honetan Txilen presidentea aukeratzeko egin diren hauteskundeetan. Hauteskundeen bigarren itzulia abenduaren 19an egingo da eta bietako bat izango da herrialdeko presidente berria, Sebastian Piñera ordezkatuz.

Boric eta Kast. Argazkia: EFE
Boric eta Kast
Boric eta Kast. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txileko presidentea aukeratzeko hauteskundeen lehen itzulian, Jose Antonio Kast eskuin muturreko hautagaia eta Gabriel Boric ezkertiarra izan dira bi aukera bozkatuenak. Beraz, bi muturretan dauden presidentegaiak lehiatuko dira abenduaren 19an egingo diren hauteskundeen bigarren itzulian.

Botoen % 98 zenbatuta, Fronte Sozial Kristaua alderdiko Jose Antonio Kast hautagaiak botoen % 28 eskuratu du eta ia hiru puntuko aldea ateratzen dio Gabriel Boric ezkertiarrari (% 25,6). Bozetan parte hartu duten gainerako hautagaiek beraien porrota onartu dute eta bigarren itzuliari begira zeinen alde egingo duten adieraziko dute.

Parte-hartzea % 45ekoa izan da.

Emaitzak ezagutu berritan, egindako "sakrifizioa" eskertu die Kastek jarraitzaileei eta "merezi izan zuela" gaineratu du. "Gaur lehen pausoa eman dugu itxaropena egia bihur dadin", adierazi du Kastek. Bigarren itzuliari begira, zentro-eskuineko hautagai ofizialistarekin, Sebastian Sichelekin, batera lan egingo duela iragarri du.

Gabriel Boricek, bere aldetik, demokrata guztien batasunaren alde lan egingo duela nabarmendu du. "Ez da atzetik goazen lehen aldia (...) eta bigarren itzulian berriro egingo dugu", azpimarratu du.

Sebastian Piñera Txileko egungo presidentea ere hauteskunde emaitzen inguruan mintzatu da. Piñerak Boric eta Kast zoriondu ditu, eta "bakearen bideak bilatzeko, eta ez indarkeriarena" eskatu die.

Hautagai ofizialistak ez du lehen itzulia gainditu eta, beraz, Jose Antonio Kastek edo Gabriel Boricek ordezkatuko du Sebastian Piñera presidente karguan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerikako albisteak Txileko albisteak Hauteskundeak gaur Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa