Mundua -
Osasuna
Airearen kutsadurak 307.000 pertsona hil zituen EBn 2019an
MOEk gomendatutako muga zorrotzagoak aplikatuz gero, heriotzen % 58 baino gehiago saihestuko lirateke. Nitrogeno dioxidoak 40.000 heriotza eragin ditu, eta ozono troposferikoak beste 16.800.
Agentziak | EiTB Media
Airearen kutsadurak 307.000 hildako eragin zituen Europar Batasunean (EB) 2019an, aurreko urtean baino % 11 gutxiago, Europako Ingurumen Agentziak astelehen honetan jakitera eman duen txostenaren arabera.
2,5 mikratik beherako partikulen pilaketa heren bat murriztu da azken 15 urteetan, baina Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gomendatutako muga zorrotzagoak aplikatuz gero, heriotzen % 58 baino gehiago saihestuko lirateke.
Horrela, EBk urtean metro kubikoko 25 mikrogramoko muga ezartzen du, baina MOEk 5 mikrogramora murrizten du.
Txostenak jakitera eman duenez, 2019an, nitrogeno dioxidoak (NO2) 40.000 heriotza eragin zituen, eta ozono troposferikoak (O3) beste 16.800.
Bihotzeko eritasunak eta istripu zerebrobaskularrak airearen kutsaduraren eraginez gertatzen diren heriotza arruntenak dira, baita biriketako gaixotasunak ere.
Txostenaren arabera, 2030ean airearen kutsadurak eragindako heriotzak % 55 baino gehiago murrizteko helburua lortzeko bide onetik doa Europar Batasuna.
Europako Ingurumen Agentziaren hitzetan, 456.000 pertsona hil ziren EBn arrazoi horregatik; beraz, xedea bederatzi urte barru 250.800 hildako gutxiago izatea litzateke.
"Berokuntza, mugikortasun, nekazaritza eta industria garbiagoetan inbertitzeak osasun, produktibitate eta bizi-kalitate hobeagoa ematen die europarrei, eta, bereziki, pertsona zaurgarrienei", azaldu du Hans Bruyninckx agentziako zuzendariak ohar batean.