Mundua -

Koronabirusa

Murrizketa berriak Europan: txertatu gabeko pertsonak konfinatzeko agindua eman dute Austrian

Horrez gain, eremu publikoan sartzeko eta garraio publikoa erabili ahal izateko osasun ziurtagiria exijitzeko aukera aztertzen ari dira Alemanian eta Errusian, pandemiaren hedapena gelditzeko asmoz.

Bi pertsona musukoa jantzita Moskuko kaleetan. Artxiboko argazkia: EFE
Bi pertsona musukoa jantzita Moskuko kaleetan. Artxiboko argazkia: EFE
Bi pertsona musukoa jantzita Moskuko kaleetan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako hainbat herrialdetan berriro ezarri dituzte neurri murriztaileak pandemiaren olatu berria gelditzeko asmoz. Murrizketa horien artean, Austriako Gobernuaren erabakia izan da deigarriena, covid-19aren aurkako txertoa hartu ez duten herritarrak konfinatzeko agindua eman baitu.

Neurri hori azaroaren 24a arte egongo da indarrean, gaurtik hasita. Txertatu gabeko pertsonak funtsezko arrazoiengatik soilik aterako ahalko dira etxetik: lanerako, medikura joateko edo oinarrizko gauzak erosteko, adibidez.

Austriako agintariek uste dute neurri honek txertaketa kanpaina suspertzeko balioko duela.

Errusian, osasun-egoera oso larria da: 1.211 lagun hil dira eta 38.420 positibo detektatu dituzte azken 24 orduetan. Testuinguru horretan, eremu publikoetan sartzeko eta garraio publikoa erabiltzeko covid-19 ziurtagiria derrigorrezkoa izatea nahi du Errusiako Gobernuak, eta lege-proiektua Parlamentura eraman du jada.

Alemanian, txertatuen kopurua Europako baxuenetako da, baina kutsatzeak goraka egiten ari dira. Horrela, bada, koalizio-gobernua osatzeko negoziazioetan ari diren hiru alderdiek txertoa hartu ez duten pertsonei zuzendutako neurri murriztaileak ezartzeko asmoa iragarri dute.

Besteak beste, garraio publikoa erabiltzeko txertaketaren ziurtagiria edo kutsatuta ez zaudela erakusteko proba baten emaitza negatiboa erakustea ezinbestekoa izango da Alemanian.

Frantzian, berriz, gaurtik aurrera, Lehen Hezkuntzako ikasleek musukoa jantzita izan beharko dute ikasgelan.

Halaber, covid-19 ziurtagiria derrigorrezkoa da zinemara, antzokira edo estadio batera joateko nahiz taberna edo jatetxe batean sartzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Errusia Alemania Frantzia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Austria Koronabirusa Covid ziurtagiriaren berriak