Mundua -
Erresuma Batua
Liverpooleko ospitale aurrean izandako leherketa eraso terroristatzat jo du Poliziak
Dagoeneko lau pertsona atxilotu dituzte. Gainera, alerta maila igo dute, bigarren koxka larrienera.
Agentziak | EiTB Media
Erresuma Batuko Poliziak formalki eraso terroristatzat jo du igandean Liverpooleko Emakumeen Ospitale aurrean izandako leherketa. Inguruabarrak oraindik ez daude argi, baina dagoeneko lau pertsona atxilotu dituzte.
Eztanda taxi baten barruan gertatu zen. Ibilgailuko bidaiaria, identifikazioaren zain, leherketan hil zen. David Perry gidaria, ordea, zauritu egin zen.
Terrorismoaren aurkako Polizia taldeak ikerketa bere gain hartu zuen lehen unetik, baina astelehenera arte ez dute eraso terrorista hipotesi nagusitzat jo. Russ Jackson buruzagiak baieztatu du.
Ikertzaileen arabera, Perryk bidaiaria Rutland inguruan hartu eta ospitaleraino eraman zuen.
Igandean, 21,26 eta 29 urteko hiru gizon atxilotu zituzten erasoarekin zerikusia dutelakoan. Astelehen honetan, laugarren atxiloketa baten berri eman dute. 20 urteko gazte bat atxilotu dute Kensingtonen.
Polizia erasoaren arrazoiak ikertzen ari da. Gertakaria Oroimenaren Igandean jazo da, gatazkan hildako herritarrak omentzeko egunean, hain zuzen ere. Omenaldietatik hurbil gertatu da leherketa, eta Jacksonek "ikerketa lerro bat" dela onartu du.
Alerta terrorista
Oinarri terrorista baieztatu ondoren, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak segurtasuneko arduradun nagusiak bilera batera deitu ditu, eta alerta maila igotzea erabaki dute, bigarren koxka larrienera, hain zuzen.
"Litekeena da" antzeko gertakari gehiago jazotzea, agintarien ustez. Oraindik ez dakite inolako loturarik duten, baina hilabete eskasean izan den bigarren erasoa izan da azken hori, David Amess diputatu kontserbadorea erail ondoren.
Taxilaria
Taxilariak ikerketaren giltza izan dezake. Johnsonek berak publikoki heroitzat hartu du. Rachel Perry emazteak Daily Telegraph-i adierazi dionez, senarra "ondo dago", baina oraindik gertatutakoa "barneratzen" ari da.
"Zurrumurru asko daude, heroi bat dela eta bidaiaria autoan giltzapetu zuela, baina zorte ona izan du, benetan, bizirik jarraitzen baitu", azpimarratu du emazteak.
Joanne Anderson Liverpooleko alkateak ziurtatu duenez, Perryk "heroi gisa" jardun zuen. Taxitik atera eta "ateak ixteko" gai izatea txalotu du alkateak, horrela igandean "hondamendi ikaragarria" izatea saihestu zuelako.