Mundua -
KORONABIRUSA
Israel 5 eta 11 urte arteko haurrak txertatzen hasiko da hurrengo astean
Pfizerren txertoa emango zaie, eta dosia 10 miligramokoa izango da, helduei ematen zaienaren herena.
AGENTZIAK | EITB Media
Israelgo Osasun Ministerioak argi berdea eman dio 5 eta 11 urteko adin txikikoak koronabirusaren aurka txertatzeari. Pfizerren txertoa jarriko diete, eta dosi bakoitza 10 miligramokoa izango da, helduei ematen zaienaren herena.
Aurreikuspenak betetzen baldin badira, Israelek Pfizerren txerto gehiago jasoko ditu asteazkenean edo ostegunean, eta txertoa nola jarri azalduko diete osasun langileei.
AEBko Elikagai eta Medikamentuen Administrazioak (FDA, ingelesez) 5 eta 11 urte bitartekoak Pfizerrekin txertatzeari onespena eman eta gutxira iritsi da Israelen erabakia.
Argentinan, Kolonbian eta Ekuadorren ere hasiak dira 12 urtez azpikoak txertatzen. Kolonbian, Sinovac txertoa jartzen ari zaie 3 eta 11 urte bitartekoei; Argentinan, Sinopharm, 3 eta 11 urte artekoei; eta Ekuadorren, Sinovac, 6 eta 11 urte artekoei.
Israelek oso hilabete gutxitan burutu zuen 12 urtetik gorakoak txertatzeko prozesua. Udan munduko lehen herrialdea izan zen errefortzu dosia jartzen, eta dagoeneko lau milioi herritarrek baino gehiagok hartu dute Pfizerren hirugarren txertoa.
Gaur-gaurkoz, positiboen tasa % 1 baino txikiagoa dute Israelen, 5.600 gaixo aktibo dituzte eta horietatik 145 baino ez daude ospitaleratuta.