Mundua -

Koronabirusa

Europa neurri murriztaile gehiago aplikatzen hasi da, covid-19aren olatu berriari eusteko

Europako erdialdeak eta ekialdeak kutsatze tasa handienetakoak dituzte orain. Herbehereetan dendak eta ostalaritza lehenago ixtea erabaki dute. Danimarkak txertaketa ziurtagiria eskatuko du toki batzuetan sartzeko, eta Alemaniak neurriak zorroztuko ditu.

Txertaketa zentro bat Duisburgen (Alemania). Argazkia: EFE
Txertaketa zentro bat Duisburgen (Alemania). Argazkia: EFE
Txertaketa zentro bat Duisburgen (Alemania). Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako erdialdeak eta ekialdeak kutsatze, ospitaleratze eta hilkortasun tasa handienetakoak dituzte orain covid-19aren eraginez. Aldi berean, EBko immunizazio tasa txikienak dituzte. Horrela, zenbait gobernuk neurriak aplikatzea erabaki dute, besteak beste, txertoa jaso ez duten herritarrei murrizketak ezarriz, haiek konbentzitzen saiatzeko.

Txekiar Errepublikatik Bulgariara eta Austriatik Errumaniara, pandemia hasi zenetik zenbakirik eskasenak dituzte, eta herrialde batzuetan osasun sistema gainezka egiteko zorian dago berriro.

Austriako eta Txekiar Errepublikako osasun arduradunek errepikatu dutenez, positibo berri eta ospitaleratu gehienek ez dute txertorik hartu.

Austrian, positibo eta ospitaleratzeen gorakada ikusita, oraindik txertoa jaso ez duen biztanleei (% 35) presionatzen hasi dira, lehenbailehen sendagaia har dezaten.

Txertoa jaso ez duten eta gaixotasuna izan ez duten herritarrak konfinatzeko asmoa azaldu du gaur Austriako Gobernuak.

Txekiar Errepublikan, Osasun Ministerioak kanpaina gogorra abiatu du komunikabideetan, egoera kritikoan dauden benetako pazienteak eta gorpuak hilkutxetan sartzen erakusten dituzten argazkiekin, "berak oraindik denbora zuela pentsatu zuen" edo "berak ez du txertoetan sinesten" bezalako mezuekin lagunduta.

Txekiar Errepublikako herritarren % 57,5 soilik daude immunizaturik covid-19aren aurrean.

Detalle de la campaña del Ministerio de Sanidad checo. Foto: EFE

Eslovakian, txertoa jaso ez, gaixotasuna igaro ez edo duela gutxiko test bat ez duten langileek soldatarik kobratuko ez dutela iragartzera eraman du txertaketa maila areagotzeko presioak Exekutiboa.

Bulgariak, nahiz eta EBko hilkortasun tasa handiena izan, konfinamendua baztertu du. Gainera, asteburu honetan hauteskundeak egingo dituzte.

Urriaren 21etik covid ziurtagiria eskatzen dute, txertaturik, sendaturik edo duela gutxiko test negatibo bat izatea, alegia, gastronomia edo kultura lokaletara sartzeko. Orduz geroztik, txertaketa erritmoa areagotu da, baina % 23ren azpitik jarraitzen du.

Errumanian, bigarren txertatu tasa txikiena eta hilkortasun tasa handiena duen EBko herrialdean, urriaren 25etik oraindik txertoa jaso ez duten herritarrek debekaturik dute tabernetan eta jatetxeetan kontsumitzea, eta 22:00etatik 05:00etara ezin dira etxetik atera.

Herbehereetako Gobernuak funtsezkoak ez diren saltokiak 18:00etan eta ostalaritza, supermerkatuak eta botikak 20:00etan ixteko agindua eman du gaur, pandemia hasi zenetik positibo kopururik handiena zenbatu ondoren.

16.287 positibo baieztatu dituzte azken 24 orduetan, ostegunaren antzera. Orduan 16.364 positibo zenbatu zituzten, pandemia hasi zenetik kopururik handiena. 100.000 biztanleko 93,2ko intzidentzia du herrialdeak.

Bestalde, Danimarkako herritarrek txertaketa ziurtagiria aurkeztu beharko dute aurrerantzean toki batzuetan sartzeko, tabernetan eta jatetxeetan esaterako. Positiboek gora egin dute, murrizketa guztiak altxatu eta bi hilabete geroago.

Ilara bat txertaketa zentro baten aurrean, Duisburgen (Alemania). Argazkia: EFE

Azkenik, Alemaniako jarduneko Gobernua neurriak zorroztearen alde agertu da, positiboen gorakada azkarraren aurrean.

Egoera "serioa" bizi dutela esan du Jens Spahn jarduneko Osasun ministroak. 100.000 biztanleko 263,7ko intzidentzia metatua du Alemaniak.

Bitartean, txertaketa tasak ia bere horretan jarraitzen du, herritarren % 70ek txertoren bat jaso dute asteazkenera arte, eta % 67,4k txertaketa amaitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Alemania Gaixotasunak Herbehereak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Danimarka Austria Eslovakia Koronabirusa Bulgariako azken ordukoa