Mundua -

COP26

Larrialdi klimatikoaren aurka borrokatzeko elkarrekin lan egitea adostu dute Txinak eta AEBk

Txina eta AEB dira berotegi efektua eragiten duten gas gehien isurtzen duten bi herrialdeak, eta mendea amaitzen denerako Lurra gehienez 1,5 gradu berotzea lortu behar dela azpimarratu dute.

Metanoa. Argazkia: Pixabay
Metanoa
Metanoa. Argazkia: Pixabay

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunotan Glasgown egiten ari diren NBEren klimari buruzko goi-bileraren testuinguruan, akordioa lortu dute berotegi efektua eragiten duten gas gehien isurtzen duten bi herrialdeek. Hamarkada honetan larrialdi klimatikoaren aurkako borroka bizkortzeko elkarrekin lan egitea adostu dute Txinak eta AEBk. Halaber, mendea amaitzen denerako Lurra gehienez 1,5 gradu berotzea lortu behar dela azpimarratu dute. 

Elkarrekin argitaratu duten adierazpenean larrialdi klimatikoaren larritasuna eta urgentzia aitortu dituzte. Gainera, klima aldaketaren aurkako ahaleginen eta helburuak lortzeko egin beharrekoen artean dagoen arrakala itxi behar dela uste dute, trantsizio berdea eta berrikuntza teknologikoa bizkortuz.

Metano isuriak mugatzeko konpromisoa ere agertu dute bi herrialdeek. Biek ala biek uste dute beharrezkoa dela horiek kontrolatzeko neurriak areagotzea. Ildo horretan, Txinak metano isuriak kontrolatu eta gutxitu egin nahi ditu 2020ko hamarkadan. AEBk, bere aldetik, metano isuriak gutxitzeko ekintza plana iragarri du.

Bestalde, Ameriketako Estatu Batuek 2035erako elektrizitatearen % 100a karbono kutsadurarik sortu gabe lortzeko helburua ezarri dute. Txina, ostera, ikatzaren kontsumoa gutxituz joango da eta "ahal den guztia" egingo prozesu hori bizkortzeko.

Bi herrialdeen arteko lantalde bat sortzea ere adostu dute ekintza klimatikoari buruz aritzeko, lankidetza sustatzeko eta aldizkako bilerak egiteko.

Xie Zhenhua Txinaren bidali bereziak baieztatu duenez, bi herrialdeen arteko adostasunak gehiago dira desadostasunak baino. John Kerry klima aldaketaren aurkako AEBko ordezkariak, bere aldetik, akordioarekin pozik dagoela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Txina Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Larrialdi klimatikoa Itun berde berria