Mundua -
Glasgowko goi-bilera
Akordio bat lortzeko oraindik "mendi bat igo" behar dela onartu du COP26ko presidenteak
Hala ere, herrialdeen arteko "anbizio arrakala txikitu" da, azpimarratu du Alok Sharmak. "Ez gaude beharko genukeen tokian, ezta gertu ere", ziurtatu du Frans Timmermans Europako Batzordeko ordezkariak.
Agentziak | EITB Media
Alok Sharma COP26ko presidenteak astearte honetan onartu duenez, nahiz eta aurrerapausoak eman, "oraindik mendi bat igo" behar dute klimaren goi-bileran akordio bat ixteko, mende honetan Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea lortzeko.
Erresuma Batuko ministro ohiaren hitzetan, herrialdeen arteko "anbizio arrakala txikitu" egin da, baina "munduak orain behar duena promesak betetzea da".
Sharmaren arabera, asteazkenean agiri politikoaren bigarren zirriborro bat argitaratuko dute, Glasgowko (Eskozia) konferentzia ostiralean amaitu baino lehen azken testua adostu ahal izateko.
Nahiz eta munduko herrialdeen "adierazpenak esperantzagarriak" izan, oraingoz ez daude helburutik gertu, esan du Frans Timmermans Itun Berderako Europako Batzordearen presidenteordeak.
"Ez gaude beharko genukeen tokian, ezta hurbil ere. Norabide onean goaz, bai, baina mundua 1,5 graduko xedetik oso urrun dago oraindik", onartu du Timmermansek COP26n.
Bestalde, anbizio klimatiko eta laguntza gehiago eskatu dizkie garapen bidean dauden herrialdeen taldeak (G77+Txina) estatu aberatsei, berotze globalaren ondorioei aurre egiteko.
Larrialdi klimatikoaren aurrean erantzukizun partekatua da, baina herrialde bakoitzak ekarpena egokitu behar du "bere egoerara", "justizia eta zuzentasuna" oinarri hartuta, adierazi du Ahmadou Sebory talde horretako eta Gineako ordezkariak.
"Promesak betetzea" eskatu dio G77+Txina taldeko bozeramaileak mundu garatuari, finantziazio klimatikoan urtero 100.000 milioi dolar bideratzeko helburuarekin.
Era berean, energia garbietara trantsizioa egiteko teknologia eta finantziazioa lortzeko orduan "diskriminaziorik ez izatea" aldarrikatu du Alexey Overchuk Errusiako lehen ministrordeak.
Azkenik, Eskoziako Poliziak 16 pertsona atxilotu ditu manifestazio klimatiko batean. Enpresa batzuetako zuzendarien bilera ustez boikotatzeko xedea zuen mobilizazioak, 'fracking'aren aurka protesta egiteko.