Mundua -
Koronabirusa
AEBk ireki egin ditu mugak txertatutako nazioarteko bidaiarientzat
Bidaiariek covid-19aren proba negatiboa aurkeztu beharko dute, txertaketaren pauta osoaz gain. Bertan behera utzi du duela 20 hilabete ezarritako mugen itxiera.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuek gaur, astelehena, ireki dituzte mugak txertatutako nazioarteko bidaiarientzat. Neurri honek bertan behera utzi du duela 20 hilabete nahitaezkoak ez ziren bidaiei ezarritako mugen itxierari, iazko martxoan dekretatu zena.
Munduko Osasun Erakundeak onartutako txertoen pauta osoa aurkeztu beharko dute bidaiariek, baita covid-19aren proba negatiboa ere. Bidaiatu baino hiru egun lehenago egin beharko da proba. Ez da beharrezkoa izango berrogeialdirik egitea behin AEBra iristean.
Estatubatuarrei zein 2-17 urteko adingabeei ez zaie eskatuko txertaketa pautarik. Lehenengoek nahikoa izango dute bidaia baino egun bat lehenago eginiko proba negatiboa aurkeztea, eta beste bat egin beharko dute AEBra iritsi ostean. Adingabeen kasuan, bidaia aurreko probaren epea hiru egunekoa izango da gehienez.
Egun gorabeheratsua espero da lurreko, aireko eta itsasoko mugak irekiko direla eta; Etxe Zuriak AEBrako sarrera baimendu die Schegen guneko herrialdeei, Mexikori, Kanadari, Erresuma Batuari, Irlandari, Brasilentzat, Txinari, Irani, Hegoafrikari eta Indiari.
AEBko helduen % 70ek du txertaketa pauta osoa, eta errefortzu dosia jasotzen ari dira jada 65 urtetik gorakoek. Gainera, aurreko astean hasi zuten 5-11 urteko adingabeen txertaketa kanpaina.