Mundua -
Koronabirusa
AEB 5 eta 11 urte bitarteko adingabeak Pfizerrekin txertatzen hasi da
Adin tarte horretako 28 milioi adingabe txertatu ahal izango dira. Hurrengo astetik aurrera "bete-betean" izango da txertaketa kanpaina.
Agentziak | EITB Media
Covid-19aren aurkako Pfizerren txertoa 5-11 urteko adingabeei ematea baimendu du Rochelle Walensky AEBetako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroen (CDC) zuzendariak. Erabaki horrek "ahalik eta azkarren" adin tarte horretako 28 milioi adingabe txertatzea ahalbidetuko du.
Txertoaren dosia 10 miligramokoa izango da, helduen dosiaren herena. Klinika pediatrikoetan eta farmazietan emango dute Pfizerren txertoa. AEBetako Gobernuaren arabera, nahikoa dosi bildu dituzte dagoeneko ume guztientzat; datorren astetik aurrera "bete-betean" izango dute txertaketa kanpaina.
Erabakia hartu aurreko adituen bileran, Walensky zuzendariak azpimarratu zuen delta aldaera dela-eta ospitaleratze pediatrikoak izugarri hazi direla Estatu Batuetan. Bere aldetik, Joe Biden presidente estatubatuarrak ziurtatu zuen adin tarte horren txertaketak gurasoen kezka amaiaraziko duela eta birusaren transmisioa txikiagotuko duela.
CDCen datuen arabera, pandemia hasi zenetik 1,9 milioi kasu baieztatu dituzte 5-11 urteko adingabeen artean. Gainera, 8.300 ospitaleratze eta 94 hildako izan dira.