Mundua -
ARRANTZA-GATAZKA
Frantziako Gobernuak behin-behinean bertan behera utzi ditu arrantza-ontzi britainiarren aurkako zigorrak
Frantziako eta Erresuma Batuko gobernuetako ordezkari gorenak ostegunean elkartuko dira Eliseoan arrantza-gatazka berbideratzen saiatzeko. Hasiera batean asteartetik aurrera aplikatzekoak ziren zigorrak.
AGENTZIAK | EITB Media
Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko arrantza-gatazkaren harira, Frantziako Gobernuak momentuz atzera egin du eta behin-behinean bertan behera utzi ditu gaurtik aurrera arrantza-ontzi britainiarrei ezarri behar zizkien zigorrak. Oraingoz bi aldeak ez dira ados jarri, baina negoziatzen jarraituko dute eta ostegunerako jarri dute hitzordua Eliseoan.
Mantxako Kanaleko arrantza-lizentziak daude bi herrialdeen arteko gatazkaren oinarrian. Erresuma Batuak 200 bat eman dizkio, baina Frantziak dozenaka gehiago eskatu dizkio. Lizentzien murrizketaren aurrean, Frantziak isunak jartzeko mehatxua egin zion Erresuma Batuari. Gainera, arrantza-ontzi britainiarrei Frantziako hainbat portutan sartzea debekatu nahi zien, eta osasun eta aduana kontrolak gogortu.
Azken egunetan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Boris Johnson lehen ministro britainiarrak askotan hitz egin dute horretaz, lehenik G20aren bileran, Erroman, eta COP26 goi-bileran, gero.
Antza denez, gatazka konpontzeko aurrerapausoak eman dituzte. Horregatik, arrantza-lizentzien inguruko britainiarren erantzuna ezagutu arte, zigorrak bertan behera utzi ditu Frantziako Gobernuak.
Brexit akordioaren arabera, Europako arrantzaleek ur britainiarretan arrantzan jarraitu ahalko dute Erresuma Batua Europar Batasunetik irten aurretik bertan arrantzatzen zutela egiaztatzen badute.