Mundua -
g20aren goibilera
Gutxieneko zerga globala, Erromako G20 bileran betetako lehen helburua
G20ko agintariek multinazionalei gutxieneko zerga global berria ezartzea erabaki dute, nazioarteko zerga-sistema orekatzeko helburuarekin.
agentziak | eitb media
Ezarritako helburuetako bat, lehenengoa, bete dute gaur G20ko agintariek Erroman, negoziaketa askoren ostean. Hain zuzen, gutxieneko zerga globala ezarriko diete enpresa multinazionalei, nazioarteko zerga-sistema orekatzeko.
G20ko liderrek gutxienez %15eko zerga globala adostu dute sozietateentzat, zerga-sistema bidezkoago bat lortzeko eta jarduten duten tokietan zergak ez ordaintzea saihesteko, erregimen fiskal adeitsuez aprobetxatuta.
Mekanismoa 2030erako ipiniko dute martxan, eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) markatutako bideari jarriki egingo dute, bi zedarritan sostengatutako sistemaren bidez.
Lehenengo zedarriaren arabera, enpresen hondar-mozkinen bolumena (alegia, egoitza dagoen herrialdeak errentagarritasunaren % 10ari dagokiona bereganatu ostean gelditzen dena) horiek jarduten duten herrialdeen artean banatu beharko dute.
Bigarrenak % 15eko sozietateen tasa minimo bat ezartzen du, 750 euroko gutxieneko fakturazioa dutenentzat.
ELGAk jakinarazi duenez, 136 herrialdek (negoziazioetan parte hartzen duten 140 horietatik munduko BPGaren % 90a hartzen dutenek) adostu dute lehenengo zedarrirako zifra hondar-mozkin horien % 25ekoa izatea.
20.000 milioi eurotik gorako fakturazio mundiala eta % 10etik gorako errentagarritasuna dituzten enpresa handiei aplikatuko litzaieke hori. Irabazien banaketa konpainien milioi bat eurotik gorako diru-sarrerak dituzten herrialdeen artean egingo litzateke (250.000 euro, estatu txikietan).
Italiako presidentetzatik azaldu dutenez, zerga berri honen helburua da arau fiskal "justuak, modernoak eta eraginkorrak" bermatzea, "inbertsioak eta hazkundea sustatzeko gako direnak".
Bere aldetik, Joe Biden AEBko presidentea pozik agertu da akordioagatik, eta adierazi du, horrela, nazioarteko komunitateak "pertsonei lagunduko" diela, enpresei euren zerga-kuota ordainaraziz".