Mundua -

Erroma

2022an munduko herritarren % 70 txertatuta egotea nahi du G20k

"Osasun eta Ekonomia ministroek konpromiso sendoa eta bateratua hartu dute osasun sektorean inbertsioak indartzeko", azpimarratu du Italiako Osasun ministroak agiria sinatu ostean.

Koronabirusak kaltetutako herritarrak, Indian. Argazkia: EiTB
Koronabirusak kaltetutako herritarrak, Indian. Argazkia: EiTB
Pandemiak eta klima aldaketaren kontrako borroka ardatz izango ditu G20aren bilerak

1:31

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G20ko Osasun eta Ekonomia ministroek 2022ko erdialderako munduko herritarren % 70 txertatua egoteko konpromisoa hartu dute, koronabirusaren pandemia kontrolatzeko eta susperraldi ekonomiko iraunkorra bermatzeko.

Horixe adierazi dute amaierako agirian, eta azpimarratu dute helburua "2021eko amaieran gutxienez herritarren % 40 txertatuta egotea" dela, eta "2022 erdialderako % 70". Horren harira, "garapen bidean dauden herrialdeetan txertoen eta oinarrizko sendagaien hornidura sustatzea" adostu dute.

Roberto Speranza Osasun ministro italiarrak komunikabideen aurrean adierazi duenez, "osasun eta Ekonomia ministroek konpromiso sendoa eta bateratua hartu dute osasun sektorean inbertsioak indartzeko".

"COVID-19aren lezioak erakusten digu ausardiaz inbertitu behar dugula gure herrialdeetako osasun zerbitzuetan. Osasuna ezin dugu jada kostu gisa hartu, baizik eta inbertsio bezala jendearen bizi kalitatean", gaineratu du.

Erroman bildu dira gaur G20ko Osasun eta Ekonomia ministroak, Italiaren presidentetzan egin duten lehenengo hitzorduan, eta bi sektoreak estuki lotuta egon behar direla berretsi dute.

Bihartik igandera bitartean G20ko buruzagiek egingo duten goi-bileraren atarian adostu dute mezua. Bertan izango dira Joe Biden AEBko presidentea, Alberto Fernandez Argentinakoa, Jair Bolsonaro Brasilgoa, Emmanuel Macron Frantziako, Angela Merkel Alemaniakoa eta Olaf Scholz lekukoa hartuko diona, besteak beste.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere izan da bertan, Espainia G20ren estatu gonbidatu iraunkorra baita.

Lantaldea

Bestalde, Osasun eta Ekonomia G20ak lantalde bat osatzea adostu du etorkizuneko osasun larrialdiak eta baliabideen kudeaketa eraginkorra lantzeko nazioarteko elkarrizketa eta lankidetza hobetzeko.

Asmoa da 2021eko amaieran batzar bat egitea ibilbide orri bat adosteko, eta Osasunaren Mundu Erakundearen eta Munduko Bankuaren laguntza izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Espainiako Gobernua Espainia Alemania Frantzia Angela Merkel Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Brasil Italia Argentina Erroma Lurra Koronabirusa Joe Biden Frantziako Gobernua