Mundua -

Larrialdi klimatikoa

"Zero netoa" izango da COP26ren helburu nagusia, tenperatura ez dadin 1,5 gradu baino gehiago igo

Klimari buruzko goi-bilera urriaren 31tik azaroaren 12ra egingo da, eta berotze efektua mugatzeko gasen isurketan konpromisoak lortzea espero dute.

Ness Lakuko munstroaren eskultura, birziklatutako hondakinekin egina. Argazkia: Efe
Ness Lakuko munstroaren eskultura, birziklatutako hondakinekin egina. Argazkia: Efe
COP26: Berotze globala gelditzeko azken aukera?

1:29

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 31tik azaroaren 12ra COP26 klimari buruzko nazioarteko bilera egingo da Glasgown (Eskozia), eta helburu nagusia berotegi efektuko gasen isurketa murrizteko konpromisoak lortzea izango da, 2050erako tenpera ez dadin 1,5 gradu baino gehiago igo.

Klimari buruzko goi-bilerak dira COP deiturikoak, eta krisi klimatikoari aurre egiteko goren mailako foro politikoa dira.

Alok Sharma da COP26ren presidentea, eta azaldu duenez, "helburu nagusia" izango da "tenperaturaren gorakada 1,5 gradura mugatzea" eta, horretarako, "datu zientifikoek diote atmosferatik hartzen dugun karbonoa baino gutxiago ekoitzi beharko dugula", hau da, "zero netoa" lortu behar dela mendearen erdialderako.

Horretarako, garatutako herrialdeek gutxienez 100.000 milioi dolar bildu beharko dituzte urtero klima larrialdiari aurre egiteko neurrietara bideratzeko.

Zergatik 1,5 gradu?

Zientzialarien arabera, bi graduko berotzearekin pertsonengan eta naturan izango litzatekeen eragina orokorra eta larria izango litzateke. Ur epeletako koral arrezife ia guztiak desagertuko lirateke eta Artikoko itsasoko izotza urtu egingo litzateke hamarkada bakoitzean behin. Horrek eragin nabarmena izango luke naturan eta itsasoaren gorakadagatik kaltetutako inguruetan.

Baina tenperaturaren gorakada 1,5 gradura mugatuz gero, eragina larria izango litzatekeen arren, ez horrenbeste. Ur eta elikagai gabe geratzeko arriskua txikiagoa izango litzateke, eta desagertzear dauden espezieen kopurua ez litzateke hain handia izango.

Atmosferaren kutsatzeagatik gizakiak gaixotasunak, gosea edo bero handiegia izateko arriskua ere txikiagoa izango litzateke.

Munduan gehien kutsatzen duen herrialdea izan arren, Txina ez da joango Glasgowko COP26 goi-bilerara
Munduan gehien kutsatzen duen herrialdea izan arren, Txina ez da joango Glasgowko COP26 goi-bilerara
Munduan gehien kutsatzen duen herrialdea izan arren, Txina ez da joango Glasgowko COP26 goi-bilerara

1:12

Hutsuneak

Herrialde gehienek goren mailako ordezkariak eramango dituzte konferentziara, baina hutsune nabarmenak ere izango dira.

Hala, asteazkenean Kremlinek jakinarazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentea ez dela COP26an izango, eta ezta Erroman G20ak egingo duenean ere. Dena den, bietan telematikoki egingo du agerraldia.

Beste hainbeste gertatzen da munduan biztanle gehien dituen eta alde handiarekin gehien kutsatzen duen herrialdearekin: Txina, Xi Jinping presidenteak baieztatu baitu ez dela joango.

Oraindik ez dute argitu Indiarekin zer gertatuko den. Indiak eta Txinak munduko biztanleriaren ia herena hartzen dute, eta lehenengoak ere ingurugiro arazo larriak ditu. Narendra Modi lehen ministroak oraindik ez du jakinarazi Eskoziara joango den ala ez.

Ebrahim Raisi Irango presidentea, Jair Bolsonaro Brasilgoa, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikokoa eta Cyril Ramaphosa Hegoafrikakoa ere ez dira bertaratuko.

Horren aurrean, Joe Biden AEBko presidenteak sortu du ikusmin handiena. Glasgown izango da, eta kargua hartu zuenean ekologismoa izan zen bere aldarrikapen nagusietako bat; horregatik, Parisko Itunera itzuliko dela iragarri zuen, Donald Trumpek ateratzea erabaki ostean.

Parisko Ituna

COP26 Parisko Ituna sinatu zen COP21etik 6 urtera iritsiko da. Zientzialariek onartu dute itun hura "gazi-gozoa" izan zela, "industria aurreko mailatik tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko helburua sinatzea lortu bezen ere", akordioa ez zelako "loteslea eta ez dituelako legezko ondorioak aurreikusten konpromisoak urratzen  dituztenekin", Fernando Valladares CSICen ikertzaileak adierazi duenez.

Gainera, ekonomia kutsatzaileenak, Txinak, "entzungor egin zion Madrilgo COP25i" eta ez du Glasgown parte hartuko. Horrek "agerian uzten du zein lehentasun maila duen klima aldaketak buruzagi horientzat", bere esanetan.

Hala eta guztiz ere, zientzialariak azpimarratu du "Txinak gaur egun 2060an neutraltasuna lortzeko egutegi egiaztagarria eta errealista" duela, baina "energia garbiagoetara trantsizioa" egin nahi duen arren, paraleloan "inbertsio handiak" egin dituela ikatzean, "isuri arrasto handia utziz datozen urteetan".

ekin

Euskadik eskualdeen eginkizuna defendatuko du

Eusko Jaurlaritzak ere parte hartuko du Nazio Batuen Nazioarteko Konferentzian, eta erakundeek eta eskualdeek klimaren alde egin dezaketena defendatuko du.

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako, Iraunkortasunerako eta Ingurugirorako sailburua azaroaren 4tik 8ra egongo da Glasgown, eta industriari, energiari eta biodibertsitateari buruzko ekitaldietan parte hartuko du.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du COP26 Parisetik izango den hitzordu garrantzitsuena izango dela, eta "herrialdeek egindako urratsak neurtu" egingo dituztela, sei urteren ostean.

Glasgown aurrerapauso hauek ematea espero du Gasteizko Gobernuak: "Helburu berriak ezartzea, anbiziotsuagoak, berotze efektua gelditzeko, ez soilik isurien murrizketari dagokionez, baizik eta klima aldaketaren eraginera egokitzearen inguruan".

Sanchez, hitza hartzen lehena

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango da goi-bileran hitza hartuko duen lehenengo agintaria inaugurazio ofizialaren ostean.

Moncloako iturrien arabera, klima aldaketaren aurkako borroka serio hartzeko deia egingo du, adituek argi adierazi dutelako egiten ari direna ez dela nahikoa.

Era berean, finantzazio publikoaz gain, borroka honetan eragile pribatuen parte-hartzea beharrezkoa izango dela aldarrikatuko du.

EITBren jarraipena

Larrialdi klimatikoaren aurrean eta Glasgowko COP26 goi-bileraren harira EITBk martxan jarri duen #EKIN_klima kanpainaren baitan, larunbat honetan Bilbo eta Glasgow arteko bidaiari ekingo dio Hodei Arrausi kazetariak, "0 isurketa" lelopean.

Arrausik bidaiaren eguneroko kronika egingo du ETBko albistegietan, baita programetan, irratian eta webean ere. Bestalde, ibilbidean zehar Arrausik bost erreportaje egingo ditu, azaroaren 5tik 9era bitartean ikusgai izango direnak.

Bidaldiaren nondik norakoak mapa interaktibo baten bitartez jarraitu ahal izango ditugu, eta etapa bakoitzaren inguruko informazioa izango dugu bertan. 

EITBk jarraipen berezia egingo dio Glasgown izatekoa den COP26 bilerari
EITBk jarraipen berezia egingo dio Glasgown izatekoa den COP26 bilerari
EITBk jarraipen berezia egingo dio Glasgown izatekoa den COP26 bilerari

2:50
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Eskozia Eusko Jaurlaritza Ameriketako Estatu Batuak Txina Euskal Autonomia Erkidegoa Errusia Erresuma Batua Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Iran India Brasil Larrialdi klimatikoa NBEren klimari buruzko goi-bilera