Mundua -
Estatu-kolpea Sudanen
Abdala Hamdok lehen ministroa atxilotu eta herrialdea kontrolpean hartu du Sudango Armadak
Hainbat ministro ere atxilotu dituzte gaur goizean. Abdel Fattah Abdelrahman Burhan buruzagi militarrak trantsizio Gobernua desegin eta larrialdi egoera ezarri du.
O.P. | Eitb Media
Sudango armadak estatu-kolpea eman du astelehen honetan, azken asteetako tentsio politikoen gorakadaren aurrean. Asteetan aukera hori gero eta gertuago ikusten zen Sudanen eta, azkenean, gauzatu egin du Armadak. Abdala Hamdok lehen ministroa eta Kontseilu Soberanoko hainbat ministro eta kide atxilotu dituzte, baita Yasir Arman Sudan-Iparraldeko Herriaren Askapenerako Mugimenduaren (SPLM-N) presidenteordea ere, gaur egun lehen ministroaren aholkularia dena.
Informazio Ministerioak azaldu duenez, Hamdok bere etxebizitzan atxilotu dute eta "leku ezezagun batera" eraman, hark bere etxea inguratu duten militarrei eta Estatu kolpeari babes publikoa emateari uko egin ostean.
Gertaera kolpe gogorra da 2019an zabaldutako trantsizio prozesuarentzat; Omar Hasan al Bashir presidente militarra boteretik erauzi zutenean zabaldu zen prozesu hori.
Al Bashir boteretik kendu zutenetik, Sudanek, militarren eta zibilen artean adostutako trantsizio agintari batzuk zituen; erreforma ugari egiten hasi zen gobernu hori eta, halaber, 2020ko urrian bake akordio historiko bat erdiestera iritsi ziren herrialdeko talde matxino nagusietako batzuekin.
Era berean, trantsizio agintariek akordioa lortu zuten Al Bashir eta beste zenbait, Darfurko gatazkan gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egin izana leporatuta, Nazioarteko Zigor Auzitegira entregatzeko; ez ziren, baina, akordio hori gauzatzera iritsi.
Hala ere, azken bi urteetan tirabira ugari izan dira agintean ziren kide zibil eta militarren artean, trantsizio prozesuaren lehentasunei edo erritmoei buruzko iritzi ezberdintasunen ondorioz.
Tentsio politikoen ondorioz, Armadaren eta agintari zibilen aldeko manifestazio eta kontramanifestazioak izan dira herrialdean azken egunotan; horren aurrean, Abdala Hamdok lehen ministroa elkarrizketaren alde agertua zen, "iraganaren xehetasunetan ito beharrean, etorkizunera begiratzeko".
Kolpea igarrita, eta atxilotzear zutela, lehen ministroak herritarrei "kaleak okupatzeko eta iraultza defendatzeko" deia egin diela nabarmendu du Informazio Ministerioak. Hain zuzen ere, lehen ministroaren deiri erantzunez, kalera atera dira herritarrak Khartumen eta haien kontra egin dute segurtasun indarrek; manifestarien aurka tiro egin eta 12 lagun zauritu dira gutxienez.
Handik gutxira, Abdel Fattah Abdelrahman Burhan buruzagi mlitarrak kolpea gauzatu du, Kontseilu Soberanoa eta Gobernua desegin eta larrialdi egoera ezarrita. Esan duenez, azken manifestazioen ostean "iraultza babesteko" hartu dute erabakia; manifestazio horietako bat, hain zuzen, Armadari boterea lortzeko eskatzeko ehunka pertsonek egindako eserialdia izan da.
Hamdoken bulegoak "agiri konstituzionalaren haustura" salatu du, eta gaineratu du kolpe hau "herriak askatasuna, bakea eta justizia bilatzeko bere burua sakrifikatu zuen iraultzaren aurrerapenen aurkakoa kolpea" izan dela. Halaber, nazioartearen lasaitasunerako eta erresistentziarako deien artean, ordena konstituzionala babestea eskatu du.
1956an Erresuma Batuaren independentzia lortu zuenetik, estatu-kolpe militar ugari izan dira Sudanen, 1989an Al Bashir boterean jarri zuena eta hura 2019an kendu zuena barne.