Mundua -

Norvegia

Arku batez eta geziz armatutako gizon batek bost pertsona hil ditu Norvegian

Poliziak erasotzailea atxilotu du. Kongsberg hirian bizi den 37 urteko daniar bat da. Erasoan beste bi pertsona zauritu dira.

Poliziak Kongsberg hiriko kaleetan barrena. Argazkia: EFE
Poliziak Kongsberg hiriko kaleetan barrena. Argazkia: EFE
Poliziak Kongsberg hiriko kaleetan barrena. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arku batez eta geziz armatutako gizon batek bost pertsona hil ditu Norvegiako Kongsberg hirian. Halaber, beste bi pertsona zauritu dira erasoan.

Poliziak baieztatu du erasotzailea atxilotu duela. Kongsberg hirian bizi den 37 urteko daniar bat da.

"Uste dugu bakarrik aritu dela. Eraso terrorista izan den ikertzea normala da, baina oraindik ez diogu galdeketa egin eta goizegi da ezer esateko", adierazi du Oyvind Aas Poliziaren buruzagiak.

Zauritutako bi lagunak ospitalera eraman dituztela jakinarazi du, eta horietako bat lanalditik kanpo zegoen polizia bat dela zehaztu du.

Poliziak 18:15 inguruan (16:15 GMT) izan du gertakariaren berri, eta 18:45 aldera atxilotu dute erasotzailea, "konfrontazio baten ostean".

Eguneratzea: Norvegiako ustezko erasotzailea islamera bihurtutako gizon bat da

Norvegiako erasoagatik atxilotuta dagoen gizona islamera bihurtutako pertsona bat da eta Polizia aurrez berarekin harremanetan jarri izan zen erradikalizatzen ari zelakoan.

Ole Bredrup Sæverud komisarioak onartu du Polizia aurrez berarekin kontaktuan egon zela, baina ez duela aurten abisurik erregistratu. Poliziaren esanetan, ikerketa oraindik hastapenetan dago eta, beraz, denbora beharko dute erasoaren arrazoiak argitzeko. Momentuz, ez du baieztatu eraso terrorista izan zela.

Bestalde, erasoari buruzko bideoak eta irudiak sare sozialetan zabaltzeari uzteko eskatu du.

Erasoak ez dio lehen ministro berriaren kargu-hartzeari eragingo

Erna Solberg Norvegiako jarduneko lehen ministroak erasoa gaitzetsi du, eta "ekintza ikaragarria" izan dela eta "hunkituta" daudela erantsi du.

Solberg kontserbadoreak asteartean aurkeztu zuen bere dimisioa, iraileko hauteskundeak galdu ostean. Jarduneko lehen ministroak ez du eraso terrorista izan denik baieztatu nahi izan, eta ikerketaren emaitzen zain dagoela azpimarratu du.

Erasoak ez dio lehen ministro berriaren (Jonas Gahr Støre laborista) kargu-hartzeari eragingo, Solbergen hitzetan. Buruzagi laboristak doluminak eman dizkie hildakoen senitartekoei, eta osasun eta larrialdi zerbitzuak "laguntza behar dutenei laguntzeko lanean" ari direla nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Norvegia