Mundua -
Iruzurra
"Pandorako paperak": nazioarteko buruzagiek dirutzak ezkutatu zituzten zergarik ez ordaintzeko
Tony Blair, Dominique Strauss-Kahn, Abdala II.a Jordaniako erregea, Vladimir Putinen gertuko jendea, Sebastian Piñera, Julio Iglesias, Shakira eta Pep Guardiola entrenatzailea daude izen berrien artean.
agentziak | eitb media
Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak (ICIJ) argitaratu berri duen txostenak, Pandorako Paperak deiturikoak, agerian utzi du nazioarteko hainbat buruzagik milaka milioi dolarreko dirutzak ezkutatu zituztela zergarik ez ordaintzeko.
Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia, Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren buru izandakoa, Abdala II.a Jordaniako erregea, Vladimir Putinen gertuko jendea;,Sebastian Piñera Txileko presidentea, Paulo Guedes Brasilgo Ekonomia ministroa, Julio Iglesias, Shakira eta Pep Guardiola daude izen berrien artean.
Filtrazioak argitaratu dituzten hedabideen arabera, Hego Amerikako hiru estatuburu ere badaude tartean: Guillermo Lasso (Ekuatorekoa), Sebastian Piñera (Txilekoa) eta Luis Abinader (Dominikar Errepublikakoa).
Latinoamerikako 11 agintari ohi ere agertzen dira: Pedro Pablo Kuczynski perutarra; Porfirio Lobo hondurastarra; Cesar Gaviria eta Andres Pastrana kolonbiarrak; Horacio Cartes paraguaitarra; eta Juan Carlos Varela, Ricardo Martinelli eta Ernesto Perez Balladares panamarrak, besteak beste.
Bestalde, ikerlariek agerian utzi dute Abdala II.a Jordaniako erregeak ustez 100 milioi dolar gastatu zituela Kaliforniako eta beste leku batzuetako luxuzko etxeetan, eta Boris Johnson lehen ministro britainiarraren Alderdi Kontserbadorearen diru-emaile atzerritar handiei buruzko informazioa ere azalarazi dute.
Era berean, Vladimir Putin Errusiako presidentearen ondokoen finantza jarduera zalantzagarriak ere agertzen dira
Bestalde, ICIJen arabera, Imran Khan Pakistango lehen ministroaren gertukoek, Gobernuko kideek eta senideek, milioika dolar ezkutatu omen dituzte herrialdetik kanpoko zenbait enpresatan.
BBCk dokumentuetan oinarrituta jakinarazi duenez, Uhuru Kenyatta Kenyako presidenteak eta bere familiako beste sei pertsonak gutxienez 11 enpresa zituzten atzerrian, horietako bat 30 milioi dolarreko balioa zuena.
Pep Guardiola Manchester Cityren entrenatzailea eta Julio Iglesias abeslaria ere ageri dira "offshore" elkarteak edukitzeagatik paperetan daudenen artean.
Washingtonen egoitza duen ICIJek ospe handia lortu zuen Panamako paperak izenarekin ezagutzen den ikerketari esker. Mossack Fonseca Panamako abokatu bulegoko 11,5 milioi dokumentu filtratu zituzten, zergak ez ordaintzeko enpresak sortzen zituen bufetearenak.
Pandorako paperak izeneko ikerketa berrian, 600 kazetarik parte hartu eta 1,9 milioi dokumentu aztertu dituzte.