Mundua -
Hauteskundeak
Trudeau lehen ministroaren alderdiak irabazi ditu Kanadako hauteskundeak, hirugarrenez
Alderdi Liberalak agintean jarraituko du; hala ere, ez du gehiengo absolutua lortu, eta, ondorioz, gutxiengoan gobernatu beharko du.
Agentziak | EITB Media
Alderdi Liberalak irabazi ditu astelehen honetan Kanadan egindako hauteskunde orokorrak, botoen % 93 zenbatuta dituztenean CBC telebista-kate publikoak egindako proiekzioen arabera. Hala, Justin Trudeau gaur egungo lehen ministroak agintean jarraituko du, hirugarrenez jarraian.
Komunen Ganberako 338 eserlekuetatik 156 lortu ditu Trudeauren alderdiak; kontserbadoreek, aldiz, 122. Horrela, liberalek ez dute gehiengo absolutua lortu, eta, ondorioz, gutxiengoan gobernatu beharko dute.
Quebeceko Blokeak 31 eserleku eskuratu ditu, eta Alderdi Demokratiko Berriak (NPD) 27; Berdeak taldeak, berriz, bi eserleku izango ditu.
Emaitzak ikusita, Trudeauk eskerrak eman dizkie kanadarrei "Kanadari pandemia gainditzen laguntzeko eta datozen egun distiratsuetara iristeko" botoa emateagatik.
"Gobernu honi eta Parlamentuari norabide argia eman diozue", azpimarratu du, eta bere alderdiaren helburu nagusiak etxebizitzarako sarbidea erraztea eta klima aldaketari aurre egitea izango direla iragarri du.