Mundua -

Frantziako hauteskundeak

Anne Hidalgok Frantziako Presidentetzarako aurrehautagaitza iragarri du

Parisko alkateak Emmanuel Macron presidentea nagusi den zundaketak gainditu beharko ditu. Hala ere, Frantziako kargu politiko nagusia bereganatzen duen lehen emakumea izan nahi du.

Anne Hidalgo. Irudia: EFE
Anne Hidalgo
Anne Hidalgo. Irudia: EFE

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anne Hidalgo Parisko alkateak igande honetan iragarri duenez, 2022ko presidenterako hauteskundeetan aurrehautagai izango da. "Errepublika deszentralizatua, herritarrengandik hurbilagoa" izango dela agindu du, bere ustez "desintegratzen ari den" eredu bat atzean uzteko.

"Gaur prest nago" aldarrikatu du politikari sozialistak, bere alderdiaren pisu astunek hautagaitzat jo baitute. Aurretik, primarioei aurre egin beharko die hilaren amaieran.

Hidalgorena Frantzian luzaroan espero zen iragarpena da, sozialistak Eliseora itzultzeko pausoa emango zuela ziurtzat jotzen baitzen. Zazpi urte baino gehiago eman ditu Parisko Udalaren buru gisa, eta handik bultzatu du orain Eliseora eraman nahi duen paradigma politikoaren aldaketa.

Hala, ingurumen arloko plan zehatz bat aurkeztuko duela iragarri du, eta soldatak igoko dituela, "errespetuan" oinarritutako politika baten alde egiteaz gain, emakumeentzako mezu zehatzak emanez. Hala, Frantzian kargu politiko nagusia eskuratzen duen lehen emakumea izan nahi du.

Hidalgok esan du "egoeraren larritasunaren jakitun" dela, eta Frantziara bi urterekin iritsi zela eta langile klaseko familia errepublikano batekoa dela gogorarazi du.

Parisko alkateak, ordea, erronka du aurretik, Emmanuel Macron egungo presidentea eta Marine Le Pen ultraeskuindarra aurretik baititu galdeketetan, eta errepublikanoak hirugarren postuan daude, hautagaia zein izango duten erabakitzeko zain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Hauteskundeak