Mundua -

Ipar Mazedonia

10 pertsona hil dira Ipar Mazedoniako ospitale bateko covid unitatean izandako sutean

Leherketa batek eragin omen ditu sugarrak, eta arin zabaldu dira aurrefabrikatutako moduluen materialak tarteko. Abuztuan gora egin zuten kasuek herrialdean, eta gaixoak hartu ahal izateko tankera horretako edukiontziak paratu behar izan zituzten.

Hainbat agente kiskalitako moduluei begira. Argazkia: EFE
Hainbat agente kiskalitako moduluei begira.
Gutxienez 10 pertsona hil dira Ipar Mazedonian, covid unitate batean piztutako sutean

0:52

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leherketa izan da bart Ipar Mazedoniako ipar-ekialdean dagoen Tetovo hiriko ospitale bateko covid unitatean, eta 10 pertsona hil dira ondoren piztutako sutean. Litekeena da hildakoen kopuruak gora egitea, agintariek onartu dutenez.

Garrak 21:00ak aldera piztu dira. Suhiltzaileek hainbat gaixo atera ahal izan dituzte. Onik zeudenak eta sutean zauritutakoak Skopje hiriburuko erietxe batera eraman dituzte.

"Abisua jaso eta lau minutura heldu dira suhiltzaileak, baina garrak oso arin zabaldu dira aurrefabrikatutako moduluen materialak tarteko", azaldu du Sasho Trajchevski Tetovo hiriko suhiltzaileen buruak.

Abuztuan koronabirus kasuek nabarmen egin zuten gora Tetovo hirian, eta gaixo guztiak artatu ahal izateko ospitaleen kanpoaldean aurrefabrikatutako moduluak paratu behar izan zituzten. Hain zuzen ere, horietako batean piztu da sutea.

Zoran Zaev Ipar Mazedoniako lehen ministroa,  Venko Filipce Osasun ministroa eta Oiver Spasovski Barne ministroa Tetovora joan dira sutearen ingurukoak bertatik bertara ikustera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa