Mundua -
Afganistan
Airera tiroka desegin dute talibanek Pakistanen eskuhartzearen kontrako manifestazio bat, Kabulen
Milatik gora lagun bildu dituen protestak emakumeen "askatasuna" eta eskubideen errespetua eskatu du, bai eta Pakistanek krisi afganiarrean ez dezala parte hartu ere.
O.P. | EiTB Media
Talibanek airera tiroka desegin dute manifestazio jendetsu bat Kabulen. Mila lagun baino gehiago bildu dituen protestak Pakistanen eskuhartzea salatu du, uste baita Pakistanek talibanei lagundu diela Panjshir probintzia eurenganatu dezaten, islamisten aurkako azken bastioia zena.
Kabulen bezala, Afganistango beste hainbat herritan izan dira gaur manifestazioak, eta emakumeen "askatasuna" eta haien eskubideei errespetua eskatu dute. Islamabaden aurkako mezuen artean, Panjshiren emandako laguntzaz gain, Pakistango Inteligentziako buruak Kabulera berriki egindako bisita izan dira nagusi.
Sare sozialetan dauden bideoen arabera eta Tolo News telebista kate afganiarrak jasotzen duenez, Kabulgo manifestazioa airera tiroak botaz desegin dute talibanek. Gainera, bertan dauden kazetariek diotenez, talibanek hainbat manifestari jo dituzte, protestaren buruan zioan autoa erasotu dute eta zenbait kazetari atxilotu dituzte, eta haien kamerak konfiskatu.
Manifestazio nagusiaz gain, sarretako bideo eta argazkietan ikusten denez, Pakistango Enbaxadaren aurrean ere protestak izan dira, 'Pakistan, zoaz Afganistandik' gisako leloekin.
Emakumeak ere kalera atera dira gaur, aurreko egunetan egin duten gisan, osatzear den gobernuan eta erabakiguneetan euren partehartzea aldarrikatzeko.
Protesta hauek, bezperan erresistentziako lider Ahmad Masudek egindako deiari erantzuten diote. Masudek talibanen aurkako "altxamendu nazionala" eskatu zien afganiarrei, matxinoek Panjshir kontrolpean hartu zutela jakin ostean.