Mundua -

Afganistan

EBk talibanekin harreman handiagoa izatea aztertuko du, giza eskubideak eta segurtasuna bermatzen badituzte

Europar Batasuneko (EB) ordezkariek talibanen jarrera aztertzeko "bost irizpide" adostu dituzte. Horrela, oinarrizko harreman operatiboetatik harago, talibanekin kontaktu handiagoa izateko aukera zabalik utzi dute.

Afganiar batzuk, Kabulgo kanpamendu batean. Artxiboko argazkia: EFE
Afganiar batzuk, Kabulgo kanpamendu batean. Artxiboko argazkia: EFE
Afganiar batzuk, Kabulgo kanpamendu batean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oinarrizko harreman operatiboetatik harago, talibanekin kontaktu handiagoa izateko prest agertu da Europar Batasuna (EB). Alabaina, "talibanek duten jokabidearen arabera" erabakiko du Europak jarrera malgutzen duen edo ez. Besteak beste, ondorengo gai hauekin duten portaera aztertuko dute: giza eskubideen errespetua (bereziki emakumeei dagozkienak), hedabideen askatasuna edo laguntza humanitarioa eskuratzeko aukerak.

Hala jakinarazi du Josep Borrell EBko Atzerri Politika eta Segurtasun Komuneko goi ordezkariak, galderarik gabeko agerraldi batean. Prentsaurreko horretan, EBko Atzerri ministroek Eslovenian egindako bileran erabakitakoaren berri eman du.

"Afganistango herritarrei laguntzeko Afganistango Gobernuarekin hitz egin beharko dugu, baina horrek ez du esan nahi errekonozimendua eman behar zaienik. Harreman operatibo bat dugu, eta kontaktu operatibo hori haren jokabidearen arabera handituko da", azaldu du Europako diplomaziaren buruak. Ildo horretatik, EBko ordezkariek jarrera hori aztertzeko "bost irizpide" adostu dituztela azaldu du.

Baldintza horietako lehena, Afganistan, terrorismoa beste herrialde batzuetara esportatzeko abiapuntu ez bihurtzeko konpromisoa da. Testuinguru horretan, EBk kontuan hartuko du "giza eskubideen errespetua; bereziki emakumeena, zuzenbide estatua eta hedabideen askatasuna".

Hirugarren irizpidea, "trantsizio gobernu inklusiboa eta ordezkagarria" eratzea izango da, tokiko indar politikoen arteko "negoziazio" prozesu baten ostean. Halaber, EBk talibanekin duen harremana handituko du, baldin eta talibanek laguntza humanitarioa sartzen uzten badute, Europako "prozedurak eta baldintzak errespetatuz".

Azkenik, islamistek "arriskuan" dauden afganiarrak eta atzerritarrak herrialdetik atera ahal izateko hartutako konpromisoa izango du kontuan EBk, haiekiko harremana ezartzeko orduan.

Horrez gain, abuztuaren 31 baino lehen ebakuatu nahi zituzten baina azkenean Kabulgo aireportura sartzerik izan ez zuten pertsona guztiak EBk nola babestuko dituen ere izan dute hizpide 27 herrialdeek. Zehazki, estatu kide bakoitzak "bere borondatez" erabakiko du zenbat pertsona "hartu nahi dituen bere babespean".

Ebakuazioaren bigarren fase hori finkatzeko, "modu koordinatuan jardutea" erabaki dute, Kabulen izango duten ordezkaritza bateratu baten bidez. Zehazki, Kanpo Ekintzarako Europar Zerbitzuak kudeatuko du, betiere "segurtasun-baldintzak betetzen badira".

Bestalde, eta nazioarteko beste kide batzuekin koordinatzeko asmoz, Afganistan inguruko herrialdeekin "lankidetza-plataforma politiko bat" martxan jartzea adostu dute Atzerri ministroek.

Plataforma horrek hainbat gai jorratuko ditu, hala nola, Afganistandik migrazio-fluxuak kudeatzea, terrorismoaren prebentzioa eta krimen antolatuaren aurkako borroka, pertsonen salerosketa edo drogen-trafikoa barne.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Salaketak Estatu Islamikoa Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Matxismoa Feminismoa Mikel Ayestaran Errefuxiatuak Giza eskubideak Asia Afganistan